Maskotentzako janariaren ingurumen-inpaktua

Gero eta maskota gehiago daude eta horiek guztiek behar duten janaria ekoizteko prozesuak ingurumen-inpaktu handia du.

Gizateriaren erronka handienetako bat gainpopulazioarena da. Onartzea zaila bada ere, asko gara eta, antza denez, etorkizunean askoz gehiago izango gara. Arazo horrek beste hainbat arazo eragiten ditu eta, txikiak diruditen arren, komenigarria litzateke horiek kontuan hartzea. Horietako bat, adibidez, maskotentzako janariaren ekoizpenak duen ingurumen-inpaktua da.

Izan ere, gero eta gehiago dira maskota batekin bizi diren pertsonak. Munduko populazioak gora egin ahala, maskota kopurua ere biderkatu egin da (Espainian, adibidez, maskoten kopurua 15 urtetik beherako gazteen kopurua baino handiagoa da) eta, horrekin batera, baita elikagai lehorren eskaria ere. Edinburgoko unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, elikagai horiek ekoizterakoan sortutako karbono-aztarna Mozambike edo Filipinak bezalako herrialdeen parekoa izatera iritsi da.

Horrela, milioika pertsona goseak dauden bitartean, urtero, 49 milioi hektarea nekazaritza-lur, gutxi gorabehera Erresuma Batuaren azaleraren bikoitza, katuentzako eta txakurrentzako janari lehorra egiteko erabiltzen dira, hau da, maskotentzako janari salmenten % 95.

Aipatu ikerketan, ikertzaileek egiaztatu ahal izan dute elikagai lehorren erdia, gutxi gorabehera, artoa, arroza edo garia bezalako laborantzako landarez osatuta dagoela, eta gainerakoa animalia- edo arrantza-produktuez. 

Osagai horien guztien ekoizpena garapen bidean dauden herrialde batzuen ingurumen-inpaktuaren baliokidea da. Zehazki, berotegi-efektuko gasen urteko isurketak 106 milioi tona karbono dioxido ingurukoak izan ziren. Maskotentzako elikagaien industria herrialde bat izango balitz, emisio kopuru horrekin, planetako hirurogeigarren herrialde kutsatzaileena izango litzateke. Baina ikerketak berak azaltzen duenez, seguruenik, ingurumen-inpaktua askoz handiagoa da, bertan bakarrik janari lehorra aztertu baita.

Tienda Animalek 2019an egin zuen “Estudio Anual sobre Mascotas en España” ikerlanaren arabera, Estatuan 13 milioi maskota daude erregistratuta, nagusiki, txakurrak eta katuak. Konpainiako animalia bakoitzaren batez besteko gastua 1.200 eurotik gorakoa omen da urtean. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.