Tokirik gabe geratzen ari gara

Gainpopulazioaren inguruko kezka ez da, aldaketa klimatikoarena bezala, azken hamarkadetan sortutako kezka bat. Jada 1798an, Thomas Malthusek honen inguruko kezka azaldu zuen (“Essay on the Principle of Population”). Horrela, berak zioen moduan, munduan diren elikagaiak modu linealean hazten diren bitartean, populazioa modu esponentzialean haziko litzateke. Honek, halabeharrez, goseteak ekarri behar zituela iragarri zuen Malthusek, eta hau ekiditeko, populazioaren kontrola proposatu zuen.

Malthusen ideiak kontutan hartzekoak dira baina bere iragarpenak, argi eta garbi ikus daitekeen bezala, momentuz ez dira bete. Izan ere, eta batez ere Industria Iraultzatik hona, zenbait urtez elikagaien ekoizpena populazioa baino gehiago hazi da. Honek noski, eragina izan du gure planetan, eta batez ere nekazaritzan egindako ustiapenak ondorio larriak ekarri ditu: planetaren berotzea, basamortutzea, lurraren degradazioa, basoen mozketa… Elikagai ekoizpenaren industrializazioak gainera bestelako ondorio kezkagarriak ere izan ditu: ‘overfishing’ delakoa (hainbat tokitan jada ez daude arrainik), akuiferoen lehorketa…

Malthusen ideien ildo berean, Paul Elrlich-ek 1968an 1999rako EE.BBetako populazioa gosea zela eta 250 milioitatik 22,5 milioitara jauziko zela iragarri zuen. Erlichek ezin izan zuen iragarri zerealen ekoizpena % 250an haziko zela bere teoria hankaz gora jarriz. 1972an argitaratutako zientzialari desberdinen lan batean afera honen gakoak agerian uzten ziren. Izan ere, gizakia gai izango da teknologiari esker zenbaki hauek guztiak itxuratzeko, baina halabeharrez, populazioak hazten jarraitzen badu, janariaren eskasiari aurre egin beharko dio noizbait.

Carl Sagan astronomo estatubatuarrak dioenez, hazkunde esponentzial garbi batean sartuta gaude eta erritmo horrekin jarraituz gero, 2050rako 12.000 milioi biztanle izango gara, 2090rako 24.000 milioi, eta 2130rako 48.000 mila milioi. Garbi dago ezinezkoa litzatekeela kopuru horiekin planeta honetan bizitzen jarraitzea.

Dena ez da beltz kolorekoa

Zenbait adituen ustez, gainpopulazioarena ez da larriki hartu beharreko arazoa. Horien ustez, lurreko hainbat tokitan populazioak beherantz egin du eta herrialde txiroetan estatu aberatsetan erabiltzen den teknologia erabilita gosearen arazoa ekidin liteke (energia atomikoa, zientzia, teknologia, nekazaritza-teknika modernoak, itsasoko uraren gazgabetzea…) Indur Goklanyk adierazten duen bezala, gakoa janari ekoizpen eta ingurugiroaren arteko orekan dago. Gizakia gai izan da janaria eta energia ziurtatzeko baina honek ondorio larriak ekarri dizkio ingurugiroari. Garapenarekin batera elikagaia eta energia ziurtatzen diren heinean, kalte ekologikoak ere konpontzeko aukera egongo dela diote zenbait adituk.

Arazo bat baino gehiago

Gaur egun, munduko biztanleriaren % 45 inguru hiriguneetan bizi da, baina elikadurarako lehengaiak hirietatik kanpo ekoizten dira. Hirigune aberatsetan ere pobrezia poltsa handiak aurki daitezke (IV.Mundua izenarekin ezagutzen dena) baina hala ere, landa-herrietatik hirietara ematen diren migrazio mugimenduak mantentzen dira, hiriek etorkizun oparoagoa eskaintzen dutelakoan.

Bizitza iraupena munduan, bataz beste, 65,4 urtekoa da, baina alde nabariak daude sexu eta herrialdearen arabera. Horrela Japonia (80,0 urte) eta Sierra Leonaren (37,2) artean 42 urte baino gehiago daude.

Datuak aztertuta, orain aurreikusten den arazoa, epe laburrean askoz ere larriagoa izango da. Etorkizun hurbilean, pertsona gehiago izango gara, baina baliabideak urriagoak izango dira (lehengaiak, petrolioa…) eta mundua ere kutsatuagoa egongo da (itsasoa, ibaiak, airea…) Honek guztiak hainbat arazo sozial sor ditzake: migrazio itzelak, gudak, goseteak… Are gehiago, adituen esanetan, gaur egun, imajinaezinak diren arazoak ere sor daitezke etorkizunean.

Lurra planeta mugatua denez, izaki kopuru zehatz bat har dezake bere baitan. Askoren ustetan, muga hau 8.000 milioi pertsona izango litzateke. Baikorrenek 50.000 milioi ere esaten dute, baina hori bai, baldintza oso xumeetan bizitzen. Zenbait zientzialarien iritziz, berriz, etorkizuna janari sintetikoetan eta energia nuklearrean aurki daiteke.

Dena delakoa, eta teoriak alde batera utzita, ia 7.000 milioira iristen garen une honetan, jada, milioika pertsona goseak jota hiltzen dira, gehienak haurrak. Nazio Batuen mundu mailako elikadura programaren arabera 3,6 segundoero pertsona bat gosez hiltzen da.

Goseteak ematen diren leku gehienetan nekazaritza-ekoizpena handitzeko aukera dago, baina sarritan, leku hauetan guztietan arazo politiko ugari izaten dira, gudak barne. Gainera, nekazaritza-ekoizpena handitzeko nekazaritza teknika industrialak behar dira, eta hauek, urriak diren hainbat baliabide eskatzen dute: ura, mineralak… Teknika hauek, gainera, oso kutsakorrak dira eta beraz, asko edo ondo ekoiztearen arteko zalantza dago.

Janaria ekoizteko energia ere beharrezkoa da. Energiaren kontrolak gaur egun herri aberatsenetan bizi dugun kalitate maila lortzea ahalbidetu du. Zoritxarrez, gure garapena energia iturri fosiletan oinarritu da eta hauek, amaitzear daude.

Eta etorkizunean zer?

Nazio Batuak erakundeak arreta handiz jarraitzen duen arazoa da hau. Erakunde honek egindako proiekzioaren arabera, hemendik 2.050 urtera bitartean, munduko populazioa, urtero, ia 170 milioi pertsonatan haziko da. Proportzio hori mantentzen bada, aipatu urtean, munduko populazioa 11.858 milioi pertsonakoa izango litzateke! Hau da, 40 urte eskasetan populazioa ia % 70an haziko da. Gainera, txosten beraren arabera, hazkunde handiena garatu gabe dauden herrialdeetan emango da. Herrialde hauetako biztanleria gaur egun 5,3 milioi pertsonetakoa da eta 40 urtetan 7,8 milioitara iritsiko dela uste da. Herrialde garatuetan, berriz, populazioa mantendu egingo dela aurreikusten da, hots 1.200 pertsona inguru. Honek, bestelako arazo bat dakar herrialde hauetan, izan ere, bertako gizarteak gehiegi zaharkitzen ari baitira. Horrela, Alemania, Italia edo Japonia bezalako herrialdeetan populazioa murriztuko dela uste da. Herrialdeen arteko desoreka horiek guztiek hainbat migrazio mugimendu ere sortuko dituztela aurreikusten da.

Populazioan emango den hazkunde hau batez ere 9 estatuetako hazkundean oinarrituko da beste txosten baten arabera: India, Pakistan, Txina, Nigeria, Kongo, Uganda, Bangladesh, EE.BB eta Etiopia. Horren arabera, 2050an, herrialderik populatuenak honakoak izango lirateke: India (1.700 milioi), Txina (1.400m), EE.BB (400m), Indonesia (297m), Pakistan (292m), Nigeria (289m), Bangladesh (254m), Brasil (254m), Kongoko Errepublika Demokratikoa (187m), Etiopia (183m), Filipinak (141m), Mexiko (132m), Egipto (121m), Vietnam (120m), Errusia (108m), Japonia (103m), Iran (100m), Turkia (99m), Uganda (93m), Tanzania (85m) eta Kenya (85m).

Eztabaidarako beste ikuspuntu bat

Datu horiek guztiak ikusita, eta beti ere proiekzio hauek betetzen badira, garbi dago eztanda egitear dagoen lehergailu baten aurrean dagoela. Hainbat esparruetatik, jaiotza-tasa kontrolatzearen beharra azpimarratzen da. Txinan, adibidez, neurri hori hartzea erabaki zuten estatuko populazioa kontrolatzeko eta Egipton ere antzeko neurriak hartzear ziren. Baina neurri hauek guztiak hainbat ikuspegi erlijiosoekin egiten dute topo.