Sormenaren lurraldea

Pasa den urriaren 17an egin zen aurkezpen-ekitaldian Gerediaga elkarteko ordezkariek azaldu zuten moduan, aurtengo Durangoko Azokaren protagonista nagusia sormena izango da. Ideia hori aurtengo ediziorako aukeratu den leloan islatzen da (Sormenaren lurraldea DA!) eta baita kartelean ere. Azken hori, Jose Antonio Sistiaga margolariak egin du eta “Impresiones en la alta atmosfera” pelikula esperimentalaren filmina batean oinarritzen da. Irudiak unibertsoaren sorrerara egindako bidaia iradokitzen du.
Aurkezpen-ekitaldian Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu zuenez, “Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza”.

Mujikaren esanetan, lurralde horrek bost elementu nagusi ditu: sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak. “Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela”.
Aurreko urteetan bezala, antolatzaileek gazte eta ikasle andana espero dute. Horrela, azokaren bigarren egunean, hots, abenduaren 7an, Ikaslearen Eguna ospatuko da azokaren barruan. Egun horretan, goizez, hainbat tailer antolatuko dira eta horietan parte hartzeko plazak jada agortuta daude.

Ikasleentzako tailerrak ez ezik, aurten ere bisitari helduentzako hainbat tailer ere izango dira. Helduen tailerrak abenduaren 7an ere izango dira, baina, kasu horretan, arratsaldez. Tailer horiek gune desberdinetan egingo dira eta, horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: Rap-tailerra, Ahotsenean; Durangoko bonbardaketaren aztarnak, Areto nagusian; Bikoizketa tailerra, Irudienean; eta, autodefentsa digitalaren hastapenak, Kabi@n.

Aurten, gainera, Ahotsenearen hamargarren urteurrena ospatzeko ‘Durangoko Azoka herriz herri’ programa antolatu da. Kulturaren plaza zabaltzeko azoka Tafallan, Bilbon (Biba kulturgunean eta Adaxkan), Gasteizen (Oihaneder Euskararen Etxean) eta Azpeitian (San Agustin Kulturgunean) izan da.

Azokari dagokionez, antolatzaileek ezagutzera eman dutenez, guztira 240 stand, 129 parte-hartzaile eta 400 nobedade inguru izango dira. Nobedadeak direla eta, horietatik 257 liburuak, 92 diskoak, 19 aldizkariak, 5 bideoak eta 27 bestelako lanak izango direla azpimarratu behar da. Gainera, bost egunetan zehar, 200 ekitaldi baino gehiago izango dira. Horietako bat, Argizaiola Sariaren ordez antolatuko den ‘Omentzetik ereitera’ ekitaldia izango da. Aurten, beraz, ez da aitortza saririk emango eta, horren ordez, sortzaile berriei eskainitako sormen beka aurkeztuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.