Gure gertuko ahaide diren txinpantze edo gorilekin alderatuta, gizakion zakila askoz ere handiagoa da. Hori dela eta, aspalditik zientzilariek zakilaren tamainak gizakion eboluzioan zerikusi zuzena izan ez ote duen galdetu diote bere buruari. Horrela, Australiako ikerlari talde batek berriki argitaratu duen ikerketa baten arabera, emakumezkoen sexu lehentasunak gizonezkoen ezaugarri desberdinetan oinarrituko lirateke: zakilaren tamaina, altuera eta forma maskulinoen proportzioa (gerri eta sorbaldaren arteko zabalera erlazioa).
Honekin batera, zientzilari hauek gizadiaren historian zehar emakumezkoek beti zakil handiagoa zuten bikotekideak hautatu dituztela baieztatzen dute eta, ondorioz, belaunaldiz belaunaldi, gizonezkoen sexu organoaren tamaina handituz joan da.
Australian burututako ikerketa honen arabera, harreman zuzena omen dago gizonen erakargarritasun eta zakilaren tamainaren artean. Beti ere ikerketa honetan lortutako emaitzen arabera, emakumezkoek erakargarrien aurkitzen duten zakilaren tamaina tentetu gabe 13 zentimetrotik gorakoa da, hots, bataz bestekoaren gainetik dagoen tamaina.