Txinako hiri handiak hondoratzen ari dira 

Ikerketa baten arabera, herrialdeko hiri nagusien azaleraren erdia inguruk 3 milimetro baino gehiagoko altuera galtzen du urtean.

Science aldizkarian argitaratu den ikerketa baten arabera, Txinako hiri handiak hondoratzen ari dira urbanizazio azkarraren eta lurpetik ura ateratzearen ondorioz. Txinako zenbait unibertsitatetako ikertzailek osatutako taldeak egindako azterlanean egiaztatu ahal izan denez, herrialdeko hiri nagusien azaleraren erdia inguruk 3 milimetro baino gehiagoko altuera galtzen du urtean, eta zenbait kasutan, zentimetro bat baino gehiago urtean. Hiri-lurzoruaren % 16 inguru urtean 10 mm baino gehiagoko erritmoan hondoratzen ari omen da, eta zientzialariek erritmo hori azkartzat jotzen dute.

Ikerketaren arabera, zonarik kaltetuenetan milioika pertsona bizi dira. Subsidentzia izenez ezagutzen den prozesu horrek Txinako kostaldeko lurren laurden bat mende baten barruan itsas mailaren azpian egotea ekar lezake, eta horrek uholdeak izateko arriskua areagotuko luke.

Science-ek argitaratutako azterlan hau da, teknologia espaziala erabiliz, Txinako hirigune multzo zabal bat aldi berean aztertzen duen lehena. InSAR gailuarekin hornitutako Europako Espazio Agentziaren (ESA) Sentinel-1 sateliteari esker, zientzialariek zehaztasunez neurtu ahal izan zituzten 2015 eta 2022 artean lurraren altueran izandako aldaketak. Teknologia horrek radar-uhinak eta GPSak konbinatzen ditu, egoeraren ikuspegi integrala ematen du eta prebentzio-neurriak garaiz hartzeko aukera ematen du. Ikertzaileek 2015 eta 2022 urteen arteko 82 hiritako datuak bildu dituzte eta ikusi ahal izan dutenez, hondoratze-abiadura aldatu egiten da hirien azpiko lurzoruaren osaera geologikoaren arabera. Hala ere, azterlanak agerian uzten duenez, gizakion ekintza faktore erabakigarria da. Izan ere, etxebizitza handien eraikuntzak subsidentzia prozesua azkartzen du. Aldi berean, lurpetik hiri-erabilerarako ura ateratzeak ere larriagotu egiten du arazoa, batez ere giza jardueraren ondorioz ur freatikoaren maila txikia den eremuetan. Horregatik, hirien hondoratzea geldiarazteko ekintza zuzen eta eraginkorrenetako bat lurpetik ura ateratzeari uztea izango litzateke.

Japonian, Herbeheretan edo Txinan bertan egin den hiriko kudeaketa freatikoari esker, globaltzat jo daitekeen fenomeno bat gelditzen ari dira. Izan ere, munduko biztanleriaren ia bosten bat subsidentzia arriskuan diren eskualdeetan bizi da.