Urak gure bizitzan duen garrantzia gogorarazteko, urtero, martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Gure jarduera sozial eta ekonomiko gehienak, neurri handi batean, edatekoa den uraren eta horren kalitatearen araberakoak diren arren, oraindik ere, munduan 2.000 milioi pertsona bizi dira edateko ura bermatzen duen hornikuntzarik gabe.
Egun honetan, uraren mundu-krisiari buruz kontzientziatu nahi da, baita horri aurre egiteko neurriak bilatu ere, Garapen Jasangarriaren 6. Helburua lortzeko: ura eta saneamendua guztiontzat 2030 baino lehen.
Lurpeko ura
Aurten arreta-fokua lurpeko uretan jarriko da; ur ikusezinak dira, baina horien ondorioak nonahi ikus daitezke. Ur horiek lurpean daude, akuiferoetan. Akuiferoak arrokaz, hareaz eta legarraz osatutako formazioak dira, eta ur-kantitate handiak biltzen dituzte. Akuiferoetan biltzen den ur hori guztia iturburuetatik azaleratzen da eta ibai, laku eta hezeguneetara iritsi ondoren, itsasoan amaitzen da. Akuiferoek euritik eta elurretik datorren ura biltzen dute.
Akuiferoen eta lurpeko uraren garrantzia itzela da hainbat eskualdetan. Eskualderik lehorrenetan baliabide horren mende daude erabat; akuiferoei esker kontsumorako, saneamendurako, elikagaien ekoizpenerako eta industria-prozesuetarako erabiltzen den uraren proportzio handi bat lortzen dute. Horrez gain, akuiferoak ezinbestekoak dira hainbat ekosistemen funtzionamendu egokirako, hala hola, ibaiak eta hezeguneak.
Hori dela eta, ezinbestekoa da akuiferoak gehiegizko ustiapenetik -euriarekin eta elurrarekin lortzen dena baino ur gehiago ez erauztea – eta gaur egun jasaten duten kutsaduratik babestea. Izan ere, erritmo horretan jarraituz gero, baliabide hori agortzeko zorian izan daiteke.
Ur gehiena lurpean dago
Izoztuta ez dagoen edateko uraren % 96 inguru lur azpian dago. Lurruntzen ez den ura, ibai eta lakuetara joaten ez dena eta landarediak edo lurzoruak xurgatzen ez duena, lurrazpiko ingurunera sartzen da grabitateari esker, eta bidean aurkitzen dituen hareak, legarrak edo bestelako arrokak bezalako materialen iragazkortasunaz baliatzen da.
Printzipioz, lurpeko urak ur garbiak dira, ibaietan edo lakuetan aurkitzen den uraren antzera. Baina zenbait kasutan, ur horiek kutsatuta egon daitezke. Adibidez, ongarri kimikoen edo pestiziden erabileraren, edo gizakiok eratzen ditugun hondakin industrialen ondorioz, ur horiek kutsatuta egon daitezke. Uraren erabilera masiboa ere arazo bat da.
Ba al zenekien…?
- Munduko ur geza likido ia guztia lurpeko ura da.
- Ureztatzeko erabiltzen den ur guztiaren % 40 inguru akuiferoetatik dator.
- Asia eta Pazifikoko eskualdea da, per capita, ur erabilgarritasun gutxien duen eskualdea. 2050. urtera bitartean eskualdean den lurpeko uraren erabilera % 30ean hazi daiteke.
- Ipar Amerikan eta Europan, nitratoak eta pestizidak lurpeko uraren mehatxu nagusiak dira. Europar Batasunean diren lurpeko ur masen % 20 inguruk ez ditu uraren kalitatearen inguruko gutxieneko baldintzak betetzen.