Utah-k adingabeak sare sozialetara sartzea mugatu du

AEBko estatu horretan bizi diren adingabeek beren gurasoen baimena izan beharko dute zenbait aplikazio erabili ahal izateko

Utah-ko adingabeek beren gurasoen baimena behar izango dute TikTok edo Instagram bezalako sare sozialak erabiltzeko. Gainera, gurasoek bestelakorik erabakitzen ez badute, 22:30etik 06:30era bitartean ‘kera-deia’ ezarriko zaie adingabeei sare sozialak erabili ez ahal izateko.

Utah, tradizionalki kontserbadorea den estatua, Estatu Batuetan horrelako mugak ezartzen dituen lehen estatua da. Helburua da gazteenei sareak gehiegi erabiltzeak sor diezazkiekeen nahasmenduak prebenitzen saiatzea.

Osasun mentala

Neurri horiek sare sozialek adingabeen osasun mentalean izan dezaketen eraginaren inguruan den kezka gero eta handiagoaren markoan hartu dira. Horiei esker gurasoek euren seme-alaben kontuen gaineko kontrol osoa izango dute, baita mezu pribatuen gainean ere.

Pasa den urtearen amaieran, emozio- eta portaera-premiak dituzten ikasleei laguntza terapeutikoa eskaintzen dien Effective School Solutions erakundeak gazteen osasun mentaleko krisi gero eta handiagoaz ohartarazten zuten inkesta baten emaitzak argitaratu zituen. Zenbait ikastetxek horren guztiaren ‘errua’ sare sozialena dela salatu dute.

Gauzak horrela, neurri berriarekin adingabeek beren guraso edo tutoreen baimen esplizitua behar izango dute Instagram, Facebook eta TikTok bezalako aplikazioetan kontuak zabaldu ahal izateko.

Gainera, 2024ko martxoaren 1ean indarrean sartuko den lege berriaren arabera, sare sozialak kudeatzen dituzten enpresek ezin izango dute adingabeen izaera pertsonaleko informazioa bildu eta ezin izango dute haiei bideratutako publizitatea iragarri.

Utah izan da horrelako neurriak hartu dituen AEB-ko lehen estatua, baina Arkansasen, Texasen, Ohion, Louisianan eta New Jerseyn ere, azken hori demokraten esku, antzeko neurriak aztertzen ari dira.

Mendekotasuna

Commons Sense Media kolektiboak pozik hartu ditu mendekotasuna eragiten duten sare sozialen zenbait ezaugarri murrizten dituzten neurri hauek. Baina aldi berean, lege berriaren zenbait alderdi adingabeentzat arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazi dute. Izan ere, aipatu erakundearen ustez,

haurrak arrisku handiagoan egon litezke lege horiek pribatutasunik ez izateko moduan aplikatzen badira, adierazpen-askatasunerako edo autonomiarako gaitasunik uzten ez bazaie.