Zabalik da Nafarroako nazioarteko lankidetza programan izena emateko epea

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programak nazioarteko lankidetzarako aukerak eskaintzen dizkie Nafarroako gazteei’

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) Nafarroako 20 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako “Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” nazioarteko lankidetza-programan izena emateko epea ireki du. Izena emateko aukera datorren ekainaren 14ra arte egongo da zabalik.

82.494 euroko zuzkidura ekonomikoarekin, programak aukera ematen die Nafarroako gazteei zuzenean parte hartzeko komunitate pobretuetako bizi-baldintzak hobetzea helburu duten proiektuetan. Aldi berean, egitasmoak parte-hartzaileen hazkunde pertsonala eta profesionala sustatzen laguntzen du.

Programak aukera ematen die Nafarroako gazteei garapenerako lankidetza-proiektuetan parte hartzeko. Egonaldiak hiru eta hamar hilabete bitartekoak izango dira, proiektuaren xedearen eta izaeraren arabera. Aurreikusten diren jardueren artean, besteak beste, honako hauek aurkitzen dira: tokiko komunitateekin tokian bertan lan egitea eta hezkuntzarekin, osasunarekin, garapen ekonomikoarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin lotutakoak.

“Joan, parte hartu eta konta iezaguzu” programa Nafarroan bizi edo azken bi urteetan eta etenik gabe erroldatuta izan diren 1994 eta 2004 urteen artean jaiotako gaztei zuzenduta dago, Nafarroan bizi direnei edo Foru Komunitatean etenik gabe erroldatutakoei. NGIaren Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu hautagaiak, eskatzaileen profilaren eta hizkuntza-ezagutzaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 14an amaituko da, eta NGIaren web-orriaren bidez egin beharko dira. Hautagaiek aurkezpen-gutun bat aurkeztu beharko dute, beren motibazioak eta gaitasunak azaltzeko. Izena ematean, gehienez hiru helmuga hautatu ahal izango dituzte.

Lankidetza-proiektuak

2024. urterako eskaintzen diren helmugak Aljeria, Bolivia, El Salvador, Kolonbia eta Mexiko dira.

Aljeriako egitasmoak sei hilabeteko iraupena izango du eta irailaren 1ean hasiko da eta Saharako Ilargi-erdi Gorriak eta Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteak (ATTsF) antolatzen dute.

Boliviako proiektua urriaren 1ean hasiko da eta hamar hilabeteko iraupena izango du. Kasu horretan antolatzaileak Asociación Navarra Nuevo Futuro (ANNF) eta Asociación Mi Rancho dira.

El Salvadorren, guztira, zazpi egitasmo garatuko dira: 10 hilabeteko bat, abenduaren 1ean hasiko dena ANNF eta CINDE elkarteen eskutik; 10 hilabeteko lau proiektu, irailaren 1ean hasiko direnak El Salvador Elkartasuna eta Asociación Salvadoreña de Ayuda Humanitaria elkarteen eskutik; eta 6 hilabeteko bi proiektu, irailaren 1etik aurrera, ONAY eta CORDES elkarteen eskutik.

Kolonbian, 3 hilabeteko bi proiektu izango dira, irailaren 1ean hasiko direnak. Bi egitasmo horiek Misiones Salesianas eta Pía Sociedad Salesiana Inspectoría San Luis Beltrán elkarteek antolatutzen dituzte.
Azkenik, Mexikon, 8 hilabeteko bi proiektu izango dira irailaren 1etik aurrera. Kasu horretan, antolatzaileak Sarean-Mujeres en Red eta Yach ‘il Antzetic Komunitate Etxea elkarteak dira.