Izenburuan azaltzen den galdera filosofian den kausalitate-dilema garrantzitsuenetakoa da, baina funtsean, bizitzaren jatorriari ere erreferentzia egiten dio eta, ondorioz, zientziari (gurasorik gabeko gizaki bat existitu zen?). Esparru metafisikotik, aipatu galderak indarra izaten jarraitzen du; esparru zientifikotik, ostera, badirudi erantzuna nahikoa garbia dela.
Aristoteles jada galdera hori erantzuten saiatu zen k.a. III. mendean. Baina, zalantzarik gabe, erantzun zuzena aurkitu nahi badugu Charles Darwinera eta bere ‘Eboluzioaren teoriara’ jo behar dugu. Teoria horren baitan, zalantzarik gabe, arrautza oiloaren aurrekoa izango litzateke, baina arrautza modu orokorrean ulertuta eta ez oilo batek jarritako arrautza bezala. Hau da, oiloak munduan agertu baino lehen baziren bestelako arrautzak.
Berriki zientzialari talde batek ondorioztatu duenez, espezie baten material genetikoa ezin da aldatu espezie horretako izaki baten bizitzan zehar. Hori horrela izanik, eta Darwinen Eboluzioaren teoria aintzat hartuta, zientzialariak bat datoz: gaur egungo oiloak beste hegazti espezie batetik datoz eta, esan bezala, material genetikoa ezin bada bizitzan zehar aldatu, ondorioz, derrigorrez, mutazioa jada zen arrautza baten barruan zen enbrioi batean eman zen. Teoria horrek, dena den, zalantzak ere sortzen ditu. Izan ere, espezie berri bat ezin izango litzateke genetikoki aldatutako arrautza bakar batetik sortu, horretarako, hainbat oiloen jaiotza ahalbidetuko luketen beste hainbat arrautza beharko liratekeelako.
Asko dira arrautza eta oiloaren dilema argitzen saiatu diren ikerketak. Funtsean, guztiek bat datoz: arrautza oiloaren aurrekoa da. Horrela, lehenengo oiloa oiloa ez zen hegazti batek jarritako arrautza batetik sortu zen. Genetikoki oso antzeko animalia izango zen, baina, aldi berean, animalia berri bat izateko nahikoa desberdina.