85 enplegu-aukera LaborLanen eskutik

Enplegu duina eta garapen ekonomiko iraunkorra sortzea helburu duen programa honetan izena emateko epea datorren apirilaren 18an amaituko da

Bizkaiko Foru Aldundiak LaborLan programaren bosgarren edizioa jarri du abian. Enpleguari laguntzeko ekimena da LaborLan, eta prestakuntza, lan-esperientzia eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen dizkie parte-hartzaileei. Programa hainbat sektoretako lau erakunderekin egindako hitzarmenen bidez kudeatzen da, milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa du eta 85 pertsonen laneratzea ahalbidetuko du.

Aurtengo edizioan, LaborLan lau sektore estrategikotan zentratuko da: biomedikuntza, eraikuntza (birgaitze iraunkorra), web-programazioa eta obra zibileko makineria.

Programan parte hartu ahal izango dute Bizkaiko langabeek, 18 urtetik gorakoek eta Lanbiden izena emanda daudenek. Lehentasuna emango zaie iraupen luzeko langabeei, 45 urtetik gorakoei eta gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden umeei.

LaborLan

LaborLanen helburua da enplegu duina eta garapen ekonomiko iraunkorra sortzea. Programak prestakuntzaren eta lan-esperientziaren aldeko apustua egiten du, funtsezko tresna baitira trantsizio hirukoitzerako estrategikoak diren sektoreetan laneratzeko: ekologia-ingurumenekoa, teknologiko-digitala eta demografikoa.

LaborLanen aurreko lau edizioetan 428 pertsonak parte hartu dute; horietatik 285ek lan-esperientzia izan dute eta 195ek enplegu bat aurkitu dute. Programa tresna eraginkorra da langabezian dauden pertsonak laneratzeko, batez ere lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten taldeentzat.

LaborLan programan parte hartu nahi dutenek apirilaren 18ra arte eman dezakete izena, Bizkaiko Enplegu Atariaren bidez.