Gasteizko saltokiak antzerki- eta dantza-agertoki

Apirilaren 16tik 19ra bitartean hiriko sei saltoki agertoki bilakatuko dira ‘150 gramo. Dendaz denda’ jaialdiari esker.

Kultura eta tokiko merkataritzaren babesa sustatu nahi duen ekimen batean, Gasteizko sei establezimenduk ateak irekiko dizkiote kultur esperientzia desberdin bati apirilaren 16tik 19ra bitartean. ‘Egin klik eta erosi hemen’ udal-kanpainaren barruan, ‘150 gramo. Dendaz Denda’ jaialdiak hiriko sei dendatan antzerki eta dantza ikuskizunez gozatzeko aukera eskainiko dio publikoari.

Gasteizko Udalaren laguntzarekin, El mono habitado eta Pez Limbo konpainiekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren babesarekin, jaialdiak lau antzezlan eta bi dantza-pieza biltzen dituen programazioa izango du. Ikuskizunak 10 eta 30 minutu bitartekoak izango dira, eta hiru ordutegitan antzeztuko dira: 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean.

Jaialdiaren inauguraziorako bi emanaldi programatu dira. Urbina kaleko 21. zenbakian dagoen Omega Centerrek “Ricardo ama a Ricardo” antzezlana hartuko du, Aitor Vinagret protagonista duelarik. Vinagretek bigarren emanaldi bat egingo du apirilaren 17an saltoki berean.  

Apirilaren 16an ikusi ahal izango den bigarren emanaldia Gaikar Kirolaken izango da (Bernal Díaz de Luco, 1). Bertan, Ane Gebarak ekintza edo mugimendu batek gorputz osoa alda dezakeela adierazten du.

Apirilaren 17an, “El día del derrumbe” saioan, Andres Bezaresek Tuxcacuescoko hondamendi natural baten ondorioak kontatuko ditu. Emanaldia VSD saltokian izango da (Bastiturri kalea, 5).

Dantza izango da protagonista apirilaren 18an, bi proposamenekin. “8 km en mula” ikuskizunean Álvaro Murillo dantzariak bere gorputzaren mugimendua erabiliko du 17 minututan maitasun istorio bat kontatzeko. Fotograma saltokian izango da (Antilen Pasabidean, 1). Egun berean, Jordi Villa Seca dantzariak “Losing faith” antzeztuko du Aristipiel Calzadosen (Los Herrán, 53), gorputza bizi izandakoaren mapa eta paisaia gisa eta mugimendua adinaren eta esperientziaren hondakin gisa adierazten duen muntaia. Ikuskizun hau berriz ikusi ahal izango da apirilaren 19an establezimendu berean.

Jaialdiari amaiera emateko, apirilaren 19an, Bakomat saltokia (Basoa kalea, 13) “Un ratito” bakarrizketa komikoaren eszenatoki bihurtuko da, Maria Urcelayren eskutik.