Zabalik da Youth4Regions programan izena emateko epea

Europako Batzordeak antolatutako programa Europar Batasunaren hainbat alderdi aztertzeko interesa duten ikasle eta kazetari gazteei zuzenduta dago

Europako Batzordeak Youth4Regions programaren zortzigarren edizioan izena emateko epea ireki du. Programa kohesio-politikaren hainbat alderdi aztertzeko interesa duten ikasle eta kazetari gazteei zuzenduta dago.

Youth4Regions programak Bruselan murgiltzeko aste bat eskaintzen die parte-hartzaileei datorren urrian. Bertan, kazetari gazteek aukera izango dute prestakuntza-saioetara joateko, kazetaritzaren arloan esperientzia duten profesionalen orientazioa jasotzeko eta haiekin prentsa-aretoan lankidetzan aritzeko.

Gainera, hautatuek Europar Batasuneko hainbat erakunde eta komunikabide bisitatzeko aukera ere izango dute.

Youth4regions

Ekimen honetarako hautagaitzak hiru kategoriatan daude zabalik: kazetaritza orokorra, fotokazetaritza eta bideoa.

Europar Batasuneko estatu kideetatik, inguruko herrialdeetatik eta atxikitze-prozesuan dauden herrialdeetatik etorritako kazetaritza-ikasleek eta kazetari gazteek aurkez ditzakete eskabideak.

Hautatutako parte-hartzaileak kazetari gazteen lana aitortzen duen Megalizzi – Niedzielski sari entzutetsuan ere aintzat hartuko dira. Sari horren aurtengo irabazlea urriaren 9an emango da ezagutzera.

Europako Batzordeak bultzatzen duen Youth4Regions ekimenak ikasle eta kazetari gazteen karrera sustatzea eta babestea du helburu, eta Europar Batasunaren jarduerei zuzeneko agerpen bat eskaintzea. 2017an sortu zenetik, Europa osoko 210 gazte baino gehiagok parte hartu dute programa honetan, esperientzia aberasgarriez baliatuz eta EBren funtzionamenduari buruzko ezagutza baliotsuak bereganatuz.

Eskabide-orria eta parte hartzeko baldintzak eskuragarri daude programaren webgune ofizialean. Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 8ra arte egongo da zabalik.

Europako Batzordeak programari lotutako gastu guztiak ordainduko dizkie hautatutako parte-hartzaile guztiei.