Zabalik da Sorlekua lehiaketan proiektuak aurkezteko epea

Ekimen honen helburuak dira tokiko modako sorkuntzak ikusaraztea eta Gipuzkoako talentu sortzailea bultzatzea

Datorren maiatzaren 6ra arte zabalik izango da Kutxa Fundazioak antolatzen duen Sorlekua moda lehiaketan proiektuak aurkezteko epea. Ekimen horren xede nagusia da tokiko sorkuntzak ikusaraztea eta modaren alorrean Gipuzkoan den talentua sustatzea. Proiektuak lehiaketaren web orriaren bidez aurkeztu ahal izango dira.

Lehiaketa Kutxa Fundazioaren Sorlekua programaren barruan dago, eta Gipuzkoako hiru moda-proiekturi Cristóbal Balenciaga Museoaren desfilean parte hartzeko aukera eskainiko die. Desfilea San Sebastian Moda Festival (SSMF) jaialdian izango da, datorren urriaren 24an. Deialdi honen helburua da tokiko modaren esparruan sortzen eta finkatzen ari diren talentuen ikusgarritasuna sustatzea.

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute 10 urte baino gehiagoz moda diseinatzen, egiten eta/edo merkaturatzen profesionalki aritu ez diren Gipuzkoako diseinatzaileek. Hautaketa-irizpideak aurkeztutako proiektuen jasangarritasunean, kontzeptuan, diseinuan, jantzigintzan, originaltasunean eta eszenaratzean oinarrituko dira.

Ekimen hau 18 hilabetez Gipuzkoako kultura- eta sormen-proiektuei prestakuntza, mentorizazioa eta laguntza ekonomikoa ematen diena Sorlekua Mentoretza programaren barruan kokatzen da. Aurreko edizioan hautatutako proiektuen artean, lau modaren arloarekin lotuta zeuden.