Bot-ek Interneteko jarduera kontrolatzen dute

“Imperva Bad Bot” txostenaren arabera, 2023an sareko trafikoaren % 49,6 bot-ek eragin zuten

Thales zibersegurtasuneko erakundeak duela gutxi argitaratu duen txosten baten arabera, Interneteko bot-ek sarearen gero eta kontrol handiagoa dute. Txosten horren arabera, bot-ek, jada, Interneteko trafiko guztiaren ia erdia eragiten dute. 2024ko ‘Imperva Bad Bot‘ txostenaren arabera, 2023an sareko trafikoaren % 49,6 bot-etatik etorri zen, aurreko urtean baino % 2 gehiago, eta 2013an azterketa hau hasi zenetik erregistratutako mailarik altuenera iritsi zen.

Bosgarren urtez jarraian, bot maltzurrekin lotutako web-trafikoaren proportzioa handitu egin da. Horrela, 2022. urtean erregistratutako % 30,2tik iazko % 32ra pasatu da. Aldi berean, gizakiok eragiten dugun trafikoa % 50,4ra jaitsi zen. Datu hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, trafiko automatizatuak milaka milioi dolarreko kostua baitu erakundeentzat urtero, webguneen, API-en eta aplikazioen aurkako erasoak direla eta.

Irlandak (% 71), Alemaniak (% 67,5) eta Mexikok (% 42,8) izan dituzte bote maltzurren trafikorik handienak.

Gero eta mehatxu handiagoa

Nanhi Singh Imperva Thales enpresako aplikazioen segurtasuneko zuzendari nagusiaren esanetan, “botak dira industria guztiek aurre egin behar dieten mehatxu handienetako bat”. Botek online zerbitzuak degradatzen dituzte, eta azpiegituran eta bezeroarentzako arretan inbertsio handiagoa eskatzen diete enpresei, web scraping-a, kontuen jabetze maltzurra edo spam-a ugaritzen ari direlako.

Txostenak erakusten duenez, adimen artifizial sortzailea gero eta gehiago erabiltzea bot gehiago erabiltzearekin lotuta dago. IA sortzailea eta hizkuntza-eredu handiak azkar hartu direnez, bot sinpleen bolumena handitu egin da, eta horiek trafikoaren % 39,6 izan ziren 2023an. Bot horiek web miaketa eta datu-bilketa bezalako atazetarako erabiltzen dira, baita script-ak automatizatzeko ere.

Industria guztiek bot-en arazoari aurre egin behar diote. Bigarren urtez jarraian, jokoek (% 57,2) izan zuten bot maltzurren trafikoaren proportziorik handiena. Txikizkako merkataritzak (% 24,4), bidaiek (% 20,7) eta finantza-zerbitzuek (% 15,7) izan zituzten boten eraso gehien. Bot maltzur aurreratuen proportzioa (gero eta teknika sofistikatuagoak erabiltzen dituztenak detekzioa saihesteko, giza portaera fideltasunez imitatzen dutenak eta defentsak saihesten dituztenak) handiagoa izan zen Zuzenbideko eta Gobernuko webguneetan (% 75,8), Entretenimenduko webguneetan (% 70,8) eta Finantza Zerbitzuetako webguneetan (% 67,1).

IAn oinarritutako tresna gehiago sartu ahala, bot-ak nonahiko bihurtuko dira. Horregatik, txostenak adierazten du automatizatutako bot-ek laster gaindituko dutela gizakiengandik datorren Interneteko trafikoaren proportzioa, eta horrek aldaketak ekarriko dituela erakundeek beren webguneak eta aplikazioak sortzeko eta babesteko moduan.