Europako hauteskundeei buruzko tailerra Gasteizen

Herritarren Parte Hartzerako Udal Zerbitzuak Europako hauteskunde prozesuari buruzko jardunaldi bat antolatu du HEI Eskola-Herritartasunerako Eskola Irekiaren esparruan

Datorren ekainaren 9an Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira Estatuan. Hauteskunde hauek zer diren eta zertarako balio duten azaltzeko asmoz, Gasteizko Herritarren Parte Hartzerako Udal Zerbitzuak informazio-tailer bat antolatu du. Tailer hori maiatzaren 22an, egingo da Landatxo gizarte-etxean, eta HEI Eskola-Herritartasunerako Eskola Irekiko programazioaren parte da.

Europako Hauteskundeak Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetan egingo dira 2024ko ekainaren 6tik 9ra bitartean, eta mundu mailako ariketa demokratiko handienetako bat da. Hogeita zazpi herrialdetako herritarrek beren ordezkariak aukeratuko dituzte Europar Batasuneko Parlamentu erkidea osatzeko. Hauteskunde garrantzitsuak izan arren, arreta gutxiago jaso ohi dute herritarren aldetik, eta beste hauteskundeekin alderatuta parte-hartze tasa baxuagoak izan ohi dituzte.

Hauteskunde-hitzordu hori garrantzi handikoa da, Europa mailan gai garrantzitsuak jorratzen eta erabakitzen baitira, hala nola inklusioa, immigrazioa, ingurumena, Europako funtsen kanalizazioa eta fiskalizazioa, elikagaien segurtasuna, digitalizazioa, ikerketa… Gainera, saioan zehar, parte-hartzaileen artean sor daitezkeen zalantzak eta galderak argitzeko aukera emango da.

Maiatzaren 22an, 18:00etatik aurrera, izango den saio horretan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago eta udalaren webgunean, gizarte etxeetan edo 010 telefonora deituz egin daiteke.

Tailer hau , Europar Batasunari buruzko informazioa emateaz eta zalantzak argitzeaz arduratzen den Europe Direct Bizkaiarekin lankidetzan antolatu da.