Euskal gazteen % 43k beti bozkatzen du hauteskundeetan

Hauteskunde guztietan bozkatzen duten gazteen kopuruak nabarmen egin du gora azken zazpi urteetan.

Datorren maiatzaren 28an udal- eta foru-hauteskundeak izango dira. Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen ‘Gazteen argazkiak’ ikerlanaren arabera, gazteen % 43k adierazi du hauteskunde-deialdi guztietan eman ohi duela botoa. Gainera, hauteskunde guztietan bozkatzen duten gazteen kopuruak nabarmen egin du gora azken zazpi urteetan. Inoiz bozkatzen ez duten gazteen kopurua % 20 ingurukoa da eta aldizka bozkatzen dutenena, berriz, % 19 ingurukoa. Adinean gora egin ahala parte-hartzea handiagoa izaten da. Gehien bozkatzen duten gazteak 30 urtetik gorakoak dira.

Txostenak agerian uzten duenez, botoa ematen duten gazteen % 28k (beti edo noizean behin) beti alderdi berari ematen dio botoa eta horrela jarraitzeko asmoa du. Beste % 13k esan du orain arte horrela egiten zuela, baina aldatzea planteatzen ari dela, eta beste % 10ek, berriz, bozkatzeari uztea planteatzen ari dela. % 30ek dio aldatu egiten dela hauteskunde-prozesuaren arabera.