Covid-19aren pandemiaren zauriak, ondorengo krisi ekonomikoak eta Ukrainako inbasioaren ondorioek kalte egin diote EAEko gazteriari. Euskadiko gazteen aldartea bat dator egungo testuinguru bereziki konplexu eta aldakorrarekin. Ondorioz, ez da harritzekoa, euskal gazteek etorkizunarekiko duten konfiantza maila azken hamarkadako baxuenetakoa izatea. Hala ere, ‘Aurrera Begira 2022-Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak’ txostenaren arabera, euren egoera pertsonalaren inguruko balorazioak oso ona izaten jarraitzen du. Txostena Gazteen Euskal Behatokiak landu du eta gazteriaren egoera eta etorkizunerako aurreikuspenak aztertzen ditu 10 adierazletatik abiatuta.
Euskal gazteriak etorkizunarekiko duen konfiantza maila, 0 eta 100 bitarteko eskala batean, 54 puntukoa da. Kopuru hori 2013. urtean egin zen lehen txostenetik inoiz erregistratu den daturik baxuena da. Lehen txosten horretan aipatu indizea 64 puntukoa izan zen; baliorik handiena, 75 punturekin, berriz, 2017an erregistratu zen. Balio hori bost urteko epean norberaren, gazteen eta Euskadiren egoerak izango duen bilakaeraren inguruan gazteek duten pertzepzioan oinarritzen da. Indize horretan denboran zehar izandako aldaketek agerian uzten dute euskal gazteen gogo-aldartea eta egoera ekonomiko eta politikoaren gorabeherek beren itxaropenetan duten eragina.
‘Aurrera begira’ txostenaren azken edizioa pasa den urteko abenduaren 12 eta 19 bitartean egindako online inkestetan jasotako erantzunetan oinarritzen da. Guztira 15 eta 29 urte bitarteko 3.538 gazteren erantzunak bildu dira: 526 Arabakoak, 1.700 Bizkaikoak, 1.063 Gipuzkoakoak eta 249 Euskaditik kanpo bizi direnenak. Aurtengoa txostenaren hamargarren edizioa da eta, hortaz, hamarkada oso batean izan den bilakaera aztertzeko aukera ere ematen du.
Txostenaren xedea da jakitea gazteek nola antzematen duten oraina eta, epe laburrean, zeintzuk diren beraien etorkizunerako aurreikuspenak langabezia, emigrazioa edo emantzipazioa bezalako gaien inguruan.
Egungo egoeraren balorazioa
Egungo egoeraren balorazioa 62 puntukoa da (0 eta 100 arteko eskala batean). Datu hori 2014. urteaz geroztik erregistratu den baxuena da. Adierazle hori, 2009ko krisi ekonomikoaren ondorioak arindu ahala, etengabe hazi da azken urteetan, bere mailarik gorenena, 70 punturekin, 2019an lortu zuelarik. Ordutik hona, gure gizartea astindu duten fenomeno ezberdinen eraginez (pandemia, krisi ekonomikoa, Ukrainako gerra…) etengabe jaitsi da.
Adierazgarria da 25 eta 29 urte bitarteko adin-taldea dela, 58 punturekin, egungo egoerari balorazio baxuena ematen diona. 15 eta 19 urte bitarteko gazteek, berriz, balorazio hobea egiten dute (66 puntu).
Adierazle hau norberaren egoera pertsonalari, gazteen egoera orokorrari eta Euskadiren egoerari emandako balorazioen batez besteko puntuazioaren bidez lortzen da. Kasu honetan, gazteriaren egoera orokorrari emandako balorazio eskasa (54) da adierazlearen emaitza txarra azaltzen duena.
Norberaren poztasun indizea
Hain zuzen ere, txostenak erakusten duen kontraste handienetako bat, aurreko urteetan bezala, gazteek beren egoera pertsonalari eta gazte multzoari buruz egiten duten balorazioan dagoen aldea da. Horrela, gazteriaren egoera orokorrari emandako balorazioa 54 puntukoa baino izan den bitartean, norberaren poztasun indizea 70 puntutaraino igotzen da.
Euskal gazteek beren egoera pertsonala ‘oso ongi’ batekin baloratzen badute ere, iazkoa azken hamarkadan erregistratutako puntuaziorik baxuena da. 2013an 80 puntu erregistratu ziren eta 2015an puntu bat gehiago. 2019. urteaz geroztik adierazle honetan lortutako puntuazioa 8 puntutan jaitsi da.
0 eta 100 arteko eskala batean euskal gazteek 62 punturekin baloratzen dute egungo (2022) egoera. 2014az geroztik inkesta honetan erregistratu den baliorik txikiena da
Norberaren poztasun indizeak norberaren egoerari buruzko hainbat arlo aintzat hartuta (lan egoera edo lanarekiko aurreikuspenak, ikasketak edo prestakuntza maila, familia, aisialdia, lagunak, harreman sentimentalak edota sexualak, osasuna, itxura fisikoa, hilean duten dirua eta familiarekin edo beren kontura bizitzea, norberaren kasua kontuan izanda), bakoitzarekiko poztasunari emandako balorazioen batez besteko puntuazioa jasotzen du.
Bizitzaren alderdiak
Adierazle honen bidez harremanetan jartzen dira, alde batetik, gazteek beren bizitzako hamar alderdiri ematen dieten garrantzia eta, bestetik, haiekin lortzen duten gogobetetasuna.
Kasu honetan, gazteek duten itxaropenen eta errealitatearen artean den desorekarik handiena baliabide ekonomikoen ingurukoa da. Kasu horretan, gazteek alderdi horri ematen dioten garrantziaren (80) eta horren inguruan dituzten gogobetetasunaren (59) artean 21 puntuko aldea dago.
Garrantziaren eta gogobetetasunaren artean alde handiena duen bigarren alderdia, 16 puntuko tartearekin, lan-egoeraren eta horren inguruko aurreikuspenena da eta, jarraian, 15 puntuko tartearekin, aisialdia legoke. Osasunaren alderdian aldea 12 puntukoa da.
Enpleguaren prekarizazioa
Azterlanak azken hamarkadan lortutako emaitzen arteko alderaketa egitea ahalbidetzen duenez, azken urteetan lana galtzeko edo lan-baldintzak okerrera egiteko beldurra nabarmen areagotu dela ikus daiteke.
Azken txostenaren arabera, lanean diren gazteen % 45aren ustez, litekeena da urtebeteko epearen barruan enplegua galtzea edo baldintzek okerrera egitea. Beldur hori 3 puntutan hazi da azken hamabi hilabeteetan, baina 2013an jasotako datuarekin alderatuta 12 puntu baxuagoa dela azpimarratu behar da. Ez da ahaztu behar garai horretan krisi ekonomiko sakon baten ondorioak bizi izan zirela.
Paradoxikoki, egungo egoeraren ezaugarri nagusietako bat ziurgabetasuna den arren, langabezian diren gazteen artean hazi da lana aurkitzeko itxaropena. Ildo berean, ikasketak bukatutakoan prestakuntzari lotutako enplegu bat lortzeko itxaropenak ere gora egin du euskal gazteen artean.
Txostenaren arabera, azken hamarkadan lana galtzeko eta lan-baldintzak okertzeko beldurra handitu egin da
Horrela, langabezian diren gazteen artean lana aurkitzeko itxaropena dutenen kopurua % 71 da, iaz baino hamar puntu gehiago. Aldagai horretan erregistratu den daturik onena 2019. urtekoa da, non gazteen % 92k urtebeteko epearen barruan lana aurkitzeko itxaropena azaldu zuen.
Prestakuntzari lotutako enpleguari dagokionez, 2013. urteaz geroztik erregistratu den daturik onena eman du txosten berriak. Horrela, ikasten ari diren gazteen % 77k ikasketak bukatutakoan prestakuntzari lotutako enplegu bat lortzeko itxaropena azaldu du.
Egoera ekonomikoa eta laborala islatzen duen beste adierazle bat nahitaezko emigrazioaren itxaropenarena da. Aipatu adierazleak etorkizunean nahi gabe atzerrira emigratzera behartuta egongo direla uste duten gazteen ehunekoa neurtzen du. Kasu horretan, gazteen % 10ek uste du hori, 2021ean baino bi puntu gehiago, baina duela hamarkada bat baino sei puntu gutxiago.
Emantzipazio zapuztua
Emantzipazio zapuztuaren aurreikuspenari dagokionez, euskal gazteen % 45ek uste du urtebeteko epearen barruan ezin izango duela emantzipazio-proiekturik gauzatu. Kopuru hori 2013an erregistratutako bera da eta iazkoa baino 3 puntu altuagoa da.
Azkenik, txostenean, lehen aldiz, amatasun eta aitatasun atzeratuaren indizea jaso da. Indize horrek seme-alabak izatea nahiko luketen gazteen ehunekoa neurtzen du, baina ez dute uste hori nahi duten adinarekin gertatuko denik. Kasu horretan, adierazlea Euskadiko 15-29 urteko pertsonen % 26an kokatzen da.