Eta 16 urteko gazteek bozkatzeko eskubidea izango balute?

Gure artean, hemezortzi urte betetzeak hainbat gauzetarako eskubidea ematen du. Horixe da, hain zuzen ere, pertsona adindun eta pertsona adingabe baten artean den aldea; egun batetik bestera hainbat gauza egiteko ‘eskubidea’ duzu. Eskubide horien guztien artean, adibidez, bozkatzeko eskubidea aurkituko litzateke. Estatuan, soilik 18 urtetik gorako hiritarrek dute horretarako eskubidea, baina apirilaren 19an Estatuko senatuak bozkatzeko eskubidea ematen duen adina 16 urtetara jaistea onartu zuen. Hauteskundeak ekainean errepikatu behar izan zirenez, ondoren osatu zen beheko ganberak ezezkoa eman du gai horren inguruan berriki izan den bozketan. Neurria onartu izan balitz, Estatuko hautesle-erroldak 900.000 lagun gehiago izango lituzke (egungo erroldaren % 2 inguru).

Bozkatu ahal izateko adina zehazten duen legearen erreforma (Ley Orgánica del Régimen Electoral General-LOREG) Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) alderdiak proposatu zuen eta PSOE, Unidas-Podemos, Partit Demòcrata Europeu Català, Compromís eta EH Bilduren aldeko botoak izan ditu. Kontra azaldu dira, berriz, PP, Ciudadanos, EAJ-PNV (apirileko bozketan abstenitu zen), Unión del Pueblo Navarro, Coalición Canaria eta Foro Asturias.

Eztabaida kalean da

Momentuz proposamena atzera bota bada ere, eztabaida jada kalean da: prest al daude 16 urteko gazteak bozkatzeko? Europar Batasuneko estatu-kideak aztertzen baditugu, 16 urteko gazteek bakarrik Austrian eta Zipren dute bozkatzeko eskubidea. Esloveniaren kasua konplexuagoa da; bertan, 16 urteko gazteek bozkatzeko eskubidea izan dezakete, beti ere, lan ordaindua dutela egiaztatzen badute. Europako Parlamentuak estatu-kide guztietan bozkatzeko adina 16 urtetara jaitsi beharko litzatekeela gomendatu zuen pasa den urtean. Hamasei urteko gazteek ere Kuban, Ekuadorren edota Nikaraguan bozka dezakete. Kasurik bereziena, seguruenik, Argentinakoa dugu. Bertan, hauteskundeetan bozkatzeko gutxieneko adina 15 urtekoa da eta, gainera, 18 urtetatik aurrera, bozka derrigorrezkoa da. Iran da hamabost urteko gazteei bozkatzeko eskubidea onartzen dien beste herrialde bakarra. Kontrako aldean Kuwait aurkituko litzateke. Bertan, 21 urte bete behar dituzu bozkatu ahal izateko.

Espainian bezala, bozkatzeko adina jaistea aztertzen ari diren beste herrialde batzuk Bolivia, Erresuma Batua, Txile eta Venezuela dira.

Heldutasuna

Ezkerreko alderdiak ez ezik, Espainiako Gazteriaren Kontseilua (CJE) ere bozkatzeko adina jaistearen alde azaldu da. CJE-n azaltzen dutenez, 16 urterekin hiritar batek dituen hainbat ardura bereganatzen dira. Adibidez, hamasei urteko gazte batek beste edozein adin nagusiko pertsona batek jasoko lukeen zigor bera jasoko luke epaitegi batean. Gainera, 16 urterekin, ezkontzeko, gurasoen etxetik joateko edo lanean hasteko aukera dago. Hamalau urteekin, berriz, gazte batek testamentua egiteko eskubidea, ehiza-lizentzia lortzeko eskubidea edota seme-alaba bat aintzat hartzeko eskubidea izan dezake.

Neurri horren aurka azaldu direnek argudiatzen dutenez, 16 urteko gazteak manipulagarri, heldugabe eta eraginerrazak dira. Baina zein puntutaraino 18 urteko gazte bat baino gehiago?

Duela hamar urte inguru Sevillako Udalak udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea 16-17 urteko gazteei zabaltzeko aukera aztertu nahi izan zuen. Txostena prestatu zuten adituen ustez, bozkatzeko adina 16 urtetaraino jaistea neurri bideragarria litzateke, adin horretan “gazteek gaitasun intelektual, afektibo eta borondatezkoak guztiz garatuta dituztelako”. Aditu horien ustetan, gainera, adin horretako gazte guztien zaurgarritasun emozionala edota gai politikoen inguruko ezagutza faltaren inguruan diren zalantzak hautesle guztiei aplikatu beharko litzaieke.