Gertu Kultura Bizkaiak kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea eskainiko die

Gertu Kulturak, kultura aldaketa sozialaren eragile gisa hartuta, kultura- eta gizarte-sektorearen arteko topagune egonkorrak sortu nahi ditu.

 Irakurketa denbora: 3 Minutu

Sortu berri den Gertu Kultura Bizkaia ekimenak kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea eskainiko die. BBK Banku Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak babestutako proiektu berriak, lurraldeko 22 programatzaile kultural eta 33 gizarte-erakunderekin abiatu da.

Programa, kultura-esperientzia eskuragarrien bidez, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duen ‘Kultura Inklusiborako Estrategia 2024-2030’ planaren parte da. Ekimenaren aurkezpenean-ekitaldian, BBK Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak azpimarratu duenez, “Iritsi da garaia lurraldeko kultura-eskaintzaz jende guztiak goza dezan bermatzeko, batez ere oraindik kulturara iristeko oztopoak dituztenek. BBK Banku Fundaziotik kultura-sektore osoa inplikatu nahi dugu inklusiorako ezinbesteko konpromiso horretan. Horregatik, Gertu Kultura Bizkaia bultzatu nahi izan dugu, ez bakarrik plataforma gisa, baita kulturan paradigma berri baterantz emandako aurrerapauso handi gisa ere”.



Gizarte Ekintzako foru diputatu Amaia Antxustegik ere ideia hori indartu du, ” “Bizkaiko Foru Aldundian uste dugu kultura ez dela soilik gozamenerako gune bat, baizik eta inklusiorako zubi bat, eraldaketa sozialerako bitarteko bat eta ongizaterako tresna bat, kulturarako sarbide unibertsala bermatzen duen gizarte bat, zalantzarik gabe, gizarte bidezkoagoa, sortzaileagoa eta gizatiarragoa delako” azalduz.

Bestalde, Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalagak, azpimarratu duenez, “Aldundian dugun helburu nagusietako bat da kulturaren ontasunak gizarte osora zabaltzea eta hurbiltzea, bere ahalmen eraldatzaileagatik. Hori lortzeko ezinbestekoa da kultura-eskaintza benetan irisgarria izatea. Eta prozesu hori oinarritik hasi behar da: sortze-prozesutik bertatik. Kontua ez da oztopo fisikoak edo ekonomikoak ezabatzea soilik; ikuspegia ere aldatu behar da, eta inklusioaren kontzeptua balio ukaezin gisa hasieratik integratu”.

Hiru lan-ildo

Gertu Kultura Bizkaiak hiru ardatz nagusitan garatuko du bere jarduera. Lehenengoa, kulturarako sarbide-oztopoak identifikatzean eta ezabatzean oinarrituko da, prezio murriztuen, sarbide-lehentasunaren eta arreta pertsonalizatuaren bidez gizatalde ahulenentzat.

Bigarren ardatzak herritarren sentsibilizazioa landuko du, kanpainen, jardunaldien eta topaketen bidez, gizarte-aniztasuna eta kultura inklusio-tresna gisa duen rola ikusaraziz.



Hirugarren eta azken zutabea kultur sektorearen prestakuntza eta laguntza izango da, lan-saioekin eta irisgarritasunari eta aniztasunari buruzko aholkularitzarekin. Ekintza horien helburua kultura-praktika inklusiboak diseinatzea da, hala nola goizeko saioak, saio lasaiak edo irisgarritasun-neurri espezifikoak.

Programak Gizarte Behatoki gisa ere funtzionatuko du, beste eragile batzuekin lankidetzan ikerketa-lanak garatuz. Gaur egun, hiru ildo nagusitan lan egiten du: kulturarako sarbide unibertsala oinarrizko eskubide gisa, kultura nahi ez den bakardadearen aurkako tresna gisa, eta osasunaren sustapena kultura-esperientzien bidez.

Irekia dagoen sarea

Gertu Kultura Bizkaia sarea irekita dago parte hartu nahi duten programatzaile kultural eta gizarte-erakunde guztientzat, urteko edozein unetan. Funtzionamendua erraza da: gizarte-erakundeek zuzenean erreserba dezakete beren kultura-esperientzia www.gertukultura.org plataformaren bidez, non programatzaileek beren ohiko programazioa prezio sozial batean eskaintzen duten, gutxienez, edukieraren % 2ko erreserba batekin gizatalde horientzat.

Programa, kalteberatasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte eta osasun erakundeei zuzenduta dago.

2025eko programazioa

Aurkezpenean, Gertu Kultura Bizkaia egitasmoaren zuzendari Marta Fontek aurtengo programazioaren lehen xehetasunak eman ditu. Maiatzaren 30ean, kultura-irisgarritasunari buruzko lehen online prestakuntza egingo da, Bizkaiko kultur sektoreari zuzenduta. Ondoren, ekainaren 17an, irisgarritasun kognitiboari buruzko aurrez aurreko prestakuntza izango da Bilboko Itsasmuseumen, FEVAS Plena Inclusión-ekin batera antolatuta.

Eskuragarri dagoen kultura-programazio guztia www.gertukultura.org webgunean argitaratuko da, behar ezberdinak dituzten pertsonentzat irisgarritasun-irizpideen arabera diseinatutako plataforma batean. Horren bidez, gizarte-erakundeek zuzenean jakinarazi diezazkiekete kultur guneetara parte-hartzaileen behar espezifikoak, esperientziaren arrakasta bermatuz.



Gertu Kultura Bizkaia Bartzelonako Auditorin hasitako Apropa Cultura sarean dago. Programa, 19 urteko ibilbidearen ondoren, Balear Uharteetara (2021), Madrilera (2022) eta Gipuzkoara (2023) hedatu da. Azken lurralde horretan, 2024ko urtarriletik, 3.744 pertsona baino gehiagok parte hartu dute 324 kultura-esperientziatan, 36 programatzaileri eta 166 gizarte-erakunderi esker.