Nafar Lansarek Summer Camp-aren edizio berri bat abiarazi du

Softwarea garatzeko ikastaro hau graduatu berri diren gazteei zuzenduta dago, IKT programazioaren alderdi profesionala indartzeko

Nafar Lansarek eta Tracasa Instrumentalek Summer Camp programaren edizio berri bat antolatu dute uda honetarako. Prestakuntza ekimen hau gazte graduatu berriei zuzenduta dago eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) programazioaren esparruan dituzten trebetasunak indartzea da bere helburu nagusia. Pasa den urteko ikastaroan parte hartu zuten hamar gaztetik zortzik lan munduan sartzea lortu zuten.

Programa uztailaren 15etik irailaren 15era arte luzatuko da, eta Nafarroako Graduatu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargoaren (CITI Nafarroa) laguntza izango du. Informatikako ingeniaritzan, telekomunikazioetan edo informatikako goi-mailako lanbide-heziketan graduatu berri diren langabeei zuzenduta dago batez ere.

Laneratze-tasa handia

224 orduko iraupenarekin, eskolak aurrez aurre emango dira Tracasak Sarrigurenen dituen instalazioetan, 9: 00etatik 14:30era. Programaren ikuspegi nagusia parte-hartzaileen trebetasun profesionalak indartzea izango da, IKT programatzaile gisa, frontend eta backend garapen-teknologietan sakonduz, eta garapen-esparru arinetan, profesionalen pareko ingurune errealetan egindako ariketa praktikoen bidez. Irakasleen kidegoa espezializazio tekniko handiko jarduneko profesionalek osatzen dute.

Azken helburua da parte-hartzaileek ezagutza tekniko garrantzitsuak eskuratzea eta sektoreko enpresek eskatzen duten profilera egokitutako ariketa praktikoak egitea, laneratzea errazteko. Programaren aurreko edizioek eraginkortasuna erakutsi dute, parte-hartzaileen % 70 eta % 90 artean kontratatu baitira ikastaroa amaitzean.

Ikastaroaren programa osoa eta izena emateko prozesua eskuragarri daude esteka honetan, eta izena emateko epea ekainaren 15era arte egongo da zabalik. Ondoren, eskatzaileen artean hautaketa-prozesu bat egingo da, Summer Campeko parte-hartzaileak zehazteko.