Gure inguruko lan-merkatuan paradoxa bat ematen da. Estatu-mailan hiru milioi langabetu baino gehiago dauden arren, beharrezkoak diren lanpostuen % 10 inguru hutsik geratzen dira eta hainbat enpresak zailtasunak dituzte trebakuntza egokia duten langile gazteak aurkitzeko, bereziki, teknologia berriak eta digitalizazioa bezalako sektoreetan.
Hori da, hain zuzen ere, berriki Adeccok eta PwC aholkularitzak argitaratu dituzten bi txostenetatik atera daitekeen ondoriorik nabarmenena.
PwC-k prestatu duen European Private Business Survey izeneko txostenak, adibidez, Europar Batasuneko ia 2.500 enpresa ertainen (10 eta 100 milioi euro inguru fakturatzen duten horiek) iritziak jaso ditu (131 estatukoak). Bertan azaltzen denez, talentu falta Europar Batasuneko enpresa ertainen kezka nagusietako bat bilakatu da. Talentu falta horrek bat egiten du Europar Batasuneko enplegua nabarmen suspertzen ari den une betekin. Urte honen lehen hiruhilekoan EBko batez besteko langabezia % 7,1ekoa besterik ez zen. Ikerketaren arabera, enpresek zailtasun handiak dituzte gazteen artean trebakuntza egokia duten langileak aurkitzeko. Zailtasun horiek nabarmenagoak dira, adibidez, enpresen behar berriak asetzeko beharrezkoak diren teknologia berrien eta digitalizazioaren esparruetan.
Ikerketa berean azpimarratzen denez, talentu faltak ondorio ekonomiko zuzenak ditu: enpresa ertainek 300 mila milioi euro baino gehiago fakturatzeari uzten diote, hots EB-31ren (Europar Batasuna gehi Norvegia, Suitza eta Turkia) BPGaren % 2 inguru. Espainian, adibidez, fakturatu gabe geratu den kopurua 14.500 milioi ingurukoa izango litzateke (BPGaren % 1,3); Alemanian, 64.600 milioi (% 2,2); Erresuma Batuan, 39.300 (% 1,7) eta Frantzian, 30.400 (% 1,4).
Prestakuntza egokia duten profesionalen eskasia
Bestalde, Adeccoren txostenak Espainian den talentu faltan eta eskasian diren profil profesionaletan sakondu du. Bi faktore horiek direla eta, asko dira euren enpresetarako talentua biltzeko zailtasun handiak dituzten giza-baliabideetako arduradunak. Ondorioz, lan-eskaintzen bosten bat birdefinitu behar izan dira hautagai egokia aurkitzeko.
Adeccoren ustez, trebatutako talentuaren eskasia, nagusiki, hizkuntzak menperatzen dituzten, IT esparruan adituak diren eta industriarekin harremana duten lanbideetako profesionalen eskasiarengatik ematen da. Txostenak azpimarratzen duenez, eskaintzen baldintza prekarioek eta zenbait eskualdeetan eskaintzen diren soldata ez-lehiakorrek ere eragin zuzena dute.
IT eta industria
Euskadi eta Nafarroa dira, Estatu mailan, soldatarik altuenak dituzten bigarren eta hirugarren autonomia erkidegoak. Era berean, langabezia-tasarik baxuenak dituzten lurraldeak dira. Hala ere, kasu bietan, talentu eskasia ere arazo bilakatu da, bereziki, IT (Informazioaren Teknologiak), automobilgintza, metalgintza, logistika, elikagaigintza eta komertzial esparruetan.
Adeccoren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Erkidegoan, IT sektoreko enpresa bateko giza-baliabideetako sailarentzat zaila da honako profil hauek betetzea: erabiltzaileen arretarako zerbitzuetarako profesionalak, sistemetako teknikariak, programatzaileak, analistak eta sistemetako salmenta aurreko saltzaileak.
Aipatu profil horiek gero eta eskaera handiagoa dute prozesuen automatizazioa dela eta, baina ez dira asko lan-merkatura iristen direnak. Enplegu horietan soldatak 16.500 euro (erabiltzaileen arretarako zerbitzuak) eta 36.000 euro (sistema aurreko saltzaileak) bitartekoak izan daitezke.
Automobilgintzan nekez betetzen dira erraztaile 4.0, mekanikari ofizial, mekatronikako goi-graduak eta ingeniari mekaniko eta elektrikoak. Sektore horretan, aipatu profilen kasuan, eskaintza eskaria baino handiagoa da eta enpresek zailtasunak dituzte langileak aurkitzeko langabezia-tasa oso baxua delako.
Metalgintzaren kasuan, honakoak dira zailtasun gehien ematen dituzten lanpostuak: tornulariak, fresatzaileak, prentsistak, orga-gidariak, burdinoletako profilak eta, batez ere, makineriaren mantenurako teknikariak. Hainbat kasutan, enpresek euren langileak trebatzeko aukerara jo dute. Adibidez, trokelistaren profila ia ez da merkatuan existitzen eta, horregatik, enpresak dira lanpostu horietarako langileak trebatzen dituztenak.
Burdiola batean lan egiten duen langile batek 20 eta 22 mila euro bitarteko soldata irabaz dezake eta beste sektoreetan soldata prentsista batek irabazten dituen 18.000 eurotatik trokelista aditu batek irabaz ditzakeen 45.000 eurotara irits daiteke.
Elikagaigintzan, mantenu teknikariak falta dira eta sasoi garrantzitsuenetan baita ekoizpen teknikariak ere.
Hizkuntzen ezjakintasuna
Adeccoren txostenak agerian uzten duenez, Estatuko autonomia- erkidego guztietan atzerriko hizkuntzen ezagutza altua duten profesionalak falta dira. Hori dela eta, Adeccoko idazkari orokorra den Santiago Solerrek langileei zein langabetuei honako gomendio hau ematen die: “trebakuntzaren aldeko apustua egin behar dute, ez bakarrik unibertsitate-mailakoa, baita defizitario diren adar horietan ere. Lanbide Heziketa Dualak enplegagarritasun handia du eta, noski, atzerriko hizkuntzen ezagutza ezinbestekoa da”.
2013. urteaz geroztik, urtero, lanpostu bat lortzeko atzerriko hizkuntzen eskaera handitu da. 2013an, lan-eskaintzen heren batek atzerriko hizkuntza baten ezagutza eskatzen zuen; aurten, berriz, % 34,7k. Kasu gehienetan (% 92,3) ingelesa da eskatzen den hizkuntza. Jarraian, alemana (% 7,4), frantsesa (% 7,2), portugalera (% 1,26) eta italiera (% 0,8) aurkituko lirateke.