Chillidaren jaiotzaren mendeurrena San Telmo Museoan

Ekainaren 15etik irailaren 29ra arte ikusgai izango da 100 artelanetik gora biltzen dituen oroitzapenezko erakusketa

San Telmo Museoak “Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970” izenburuko erakusketa hartuko du eskultore donostiarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Erakusketak Chillidaren sormen unibertsoa aurkezten du bere garaiko kultura artistikoaren esparru zabalean. Erakusketak Chillidaren ibilbidearen bi hamarkadak ditu ardatz. Garai horretan, eskultoreak bere ahots artistikoa garatu zuen, arteek, eskulturak bereziki, Europan eta munduan sormen eta berrikuntza handiko unea bizi zuten bitartean. Bere eskultura eta marrazkiez gain, erakusketak Chillidaren sormen-unibertsoak pinturarekin, pentsamenduarekin, musikarekin, diseinuarekin, arkitekturarekin, zinemarekin eta argazkigintzarekin dituen loturak ere jasotzen ditu.

Erakusketa

Hainbat diziplinatako 100 artelan baino gehiago, antzerki esperimentala, dantza, zinema eta moda barne, bildu ditu San Telmo Museoak Chillida bere garaiko kultura artistikoaren esparruan aurkezteko. Erakusketa zazpi eremutan antolatuta dago, eta ez dituzte ohiko joera artistikoak jarraitzen; itxuraz elkarrengandik urrun dauden artistak lotzen zituzten esperientziak, bilaketak eta obsesioak aztertzen dituzte.

Chillidaren lanekin hitz egiten duten artisten artean, XX. mendeko izen handiak daude: Picasso, Miró, Arp, Julio González, Richier, Lobo, Giacometti, Motherwell, Millares, Dubuffet, Moore, Hepworth, Meadows, Smith, Jacobsen, Caro, Beuys, Chamberlain, Mendiburu, Hantaque, Asins, Aurelia Muñoz, María Paz Jiménez, Villèlia, Bosshard, Lardera, Ozu, Bresson, Cartier-Bresson, Bing, Callahan, Martha Graham eta Cunningham.

Museoak erakusketa ikusteko bisita gidatuak ere antolatu ditu. Bisita gidatuak asteartetan eta larunbatetan eskainiko dira. Asteartetan goizeko bisita gidatuak gaztelaniaz izango dira eta arratsaldekoak, berriz, euskaraz. Larunbatetan, berriz, goizekoak euskaraz izango dira eta arratsaldekoak gaztelaniaz. Bisita horiek doakoak izango dira, baina museorako sarrera ordaindu behar da. Bisita gidatuetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.