Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Gazteria kontseilari Begoña Alfarok azaldu duenez, Nafarroako 16 eta 34 urte bitarteko gazteen emantzipazio-tasak gora egin zuen 2023an. Alfarok “Gazteen Emantzipazioari buruzko 2023ko Inkesta”ren datuak azaldu ditu eta, horien baitan, 2021. urteko datuekin alderatuta, emantzipazio-tasa % 2,5 igo da. Ondorioz, une honetan, aipatu tasa % 47,4koa da. Hala ere, gazteen independentzia handitzearekin batera, gazteek aurre egin beharreko erronka ekonomikoek ere gora egin dute, batez ere alokairuaren merkatuko prezioen igoerarekin.
Adin-tarteen arabera, emantzipazio-tasa % 33,1ekoa da 16-29 urteko biztanleriaren artean, eta 30-34 urtekoen artean, berriz, % 87,1ekoa.
Azterlanak bereizi egiten ditu, lehen aldiz, emantzipazio osoa (gastu guztiei aurre eginez emantzipatzen direnak) eta bizitegi-emantzipazioa (familia-eremuko laguntzaren bat jasotzen dutenak, bai norberaren etxebizitzan, bai etxebizitza partekatuan, bai egoitzetan, bai ikasketa-arrazoiengatik).
Hala, Nafarroako gazteen % 30,6 emantzipazio osoaren taldean sartuko litzateke eta bizitegi-emantzipazioaren multzoan, berriz, % 16,8 baino ez.
Azterlanaren arabera, gazteen etxebizitza-lehentasunak ere aldatu egin dira, alokairuaren merkatua nabarmen hazi baita. Azken datuen arabera, emantzipatutako gazteen % 62,3k aukera horren alde egiten du. 2019arekin alderatuta alokairuan bizi diren gazteen kopurua % 9,3 igo da. Hala ere, aldaketa horrekin batera alokairuaren prezioak nabarmen igo dira. Gaur egun, batez besteko alokairua hileko 680 eurokoa da, 2021ean baino 177 euro gehiago. Igoera % 35etik gorakoa izan da bi urtean. Gainera, gazteen % 30ek tentsiopean dauden alokairu-eremuei egin behar diete aurre.
Emantzipazio-prozesuan laguntzeko, Gobernuak laguntzak jasotzeko gehieneko adina 35 urteraino igo du, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa 700 eurora arte igo du eta laguntza horiek jasotzeko gehieneko errentaren muga ere igo du. Aldaketa horiek alokairu pribatuen gorakada garrantzitsuari erantzuten diote.