Aritz Olagoik jasoko du ‘Kiroletik Bagoaz Euskaraz’ saria

Eusko Jaurlaritzak eratu berri duen ‘Kiroletik Bagoaz Euskaraz’ sariak kirol arloan euskararen normalizazioaren alde egindako lana aitortzen du

Aritz Olagoi psikologoak jasoko du Eusko Jaurlaritzak sortu berri duen ‘Kiroletik Bagoaz Euskaraz’ saria. Aurtengoa kirolaren munduan euskararen normalizazioan eta sustapenean nabarmen laguntzen duten norbanakoak eta erakundeak aintzatestea helburu duen sarien lehenengo edizioa da. Olagoik saria jaso du, kirolean euskara sustatzeko egin dituen hainbat egitasmoren artean, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagatik. Metodologia horrek entrenatzailearen garrantzia azpimarratzen du, hizkuntzaren sustapenean agente nagusia izan baitaiteke. Metodologiak entrenamenduak eta partidak euskara hutsean egiteko baliabideak eta tresnak eskaintzen dizkie entrenatzaileei, testuinguru horretan hizkuntzaren eguneroko erabilera indartuz.

Saria emateko ekitaldia otsailaren 14an egingo da Donostiako Aquariumean. Ekitaldi horretan, Olagoiri bere saria emateaz gai, beste hamar hautagairen lana ere aitortuko da: Añorga Kultur eta Kirol Elkartea, Oarsoaldeko Kirol Lan-Mahaia, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Gaztedi Rugby taldea, UPV/EHUko GIKAFIT Ikerketa taldea, Oihana Azkorbebeitia, Ostaiska Egia, Arritxu Iribar, Ibon Oregi eta Pou anaiak.

“Kiroletik Bagoaz Euskaraz”

“Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria “Euskara Kirolean Sustatzeko 2021-2024 Planaren” barruan kokatzen da. Sariaz gain, planak beste ekintza batzuk ere biltzen ditu, hala nola euskarazko material didaktikoa ekoiztea, “MATX” tokiko kirol-komunitate digitala abiaraztea eta izen handiko taldeekin batera sustapen-kanpainak egitea.