EusGara ekimenak indarra hartu du arlo sozioekonomikoan

Arratiak euskara ahaldundu du zaintzan, zerbitzuetan eta industrian ama-hizkuntzaren erabilera balioan jartzen duen eusGara ekimenaren bidez.

Arratiako bederatzi enpresak bat egin dute eusGara komunitatearekin. Horrela, dagoeneko 29 enpresak adierazi dute euskara esparru sozioekonomikoan erabiltzeko eta sustatzeko konpromisoa. Konpromisoa hartu duten bederatzi enpresa berriak honako hauek dira: Piedade Ondo, Arratia Egoitza, Jandoniz, Cementos Lemona, Alinar die casting, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting eta Ekin.

EusGara, Errota Fundazioak sustatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako zerbitzua da. Beste hainbat zerbitzuren artean doako tresnak eskaintzen ditu enpresetan hizkuntza-kudeaketa egokia egiteko, hala nola itzulpen-zerbitzua, hizkuntza-aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa edo prestakuntza saioak.

Enpresak

Egitasmoarekin bat egin duten bederatzi enpresa berrien artean eskualdean den enpresa nagusietako bat den Cementos Lemoa aurkitzen da. Izan ere, zerbitzua ez da enpresa ertain edo txikietara mugatzen eta jada Batz, Ilunbe edo Ormazabal bezalako beste zenbait enpresa handi zeuden egitasmoan parte hartzen.

Azpimarratzekoa da, gainera, eusGara zerbitzua ez dela soilik industria-eremura mugatzen, zerbitzu-enpresekin ere lan egiten baitu. Aurten, Arratiako zaintzaren sektore osoak bat egin du eusGara komunitatearekin, Arratiako Egoitza, Piedade Ondo eta Jandoniz egoitzek euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu baitute. Sustatzaileek proiektu honen garrantzia nabarmendu dute, zaintza norberaren hizkuntzan eskainita egoiliarrak hobeto artatuak daudela azaldu baitute. Arratian 65 urte baino gehiago dituzten herritarren %60ren lehen hizkuntza euskara da.

Lan-ildo berri hori gauzatzeko, Arratiako egoitzetako zuzendaritzek hiru konpromiso zehatz hartu dituzte: ikasle euskaldunen praktikak euskaraz egiteko bidea irekitzea, Zulaibar Ikastetxearekin lankidetzan; nagusien eta haien senideen hizkuntza hautuak kontuan hartzea, egoitza bakoitzaren baldintzen eta aukeren arabera erantzunez; eta egoitzetako langileentzat oinarrizko hiztegi bat sortzea, egoiliarrekin euskarazko oinarrizko esaldiak eta hitzak erabil ditzaten.

Errotik proiektua

Iazko ekitaldian, eusGara zerbitzuari esker eta Gorbeialde landa garapenerako elkartearen eskutik, eskualdeko bi hoteletan euskararen erabilera areagotzeko lan egin zen. Esperientzia horretatik sortu da orain Gorbeialdek kudeatuko duen Errotik proiektua. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, proiektuak euskara sustatuko du Arratia eta Hego Nerbioi eskualdeko landa-garapeneko establezimenduetan.

Urtea amaitu baino lehen espero da proiektu berriaren aurkezpena, eta une horretan lehen emaitzak ere aurkeztuko dira.