2019. urtean Donostiako Udalak merkataritza eta ostalaritzako langileei euskara ikasteko aukera emateko egitasmo bat jarri zuen martxan. Egitasmoaren arrakasta ikusirik Eusko Jaurlaritzak bat egin du lurralde osora zabaltzeko. Lankidetza horri esker ‘Erraza da’ izeneko aplikazioa garatu da. Funtsean, aplikazioak, aipatu sektoreetako langileei ez ezik, herritar guztiei oinarrizko hiztegia eta esamoldeak ikasteko aukera eskainiko du.
Aplikazioak aukera ematen dio erabiltzaileari sektore zehatz baten inguruko hiztegia aukeratzea. Aukeratutako sektore hori edozein momentutan aldatu ahal izango da. Behin sektorea aukeratuta, aplikazioak egunero irakurri eta entzun daitekeen eduki berria aurkeztuko du. Edukiak kontsultatu ondoren, erabiltzaileak 3 edo 4 eguneko epea izango du edukiei buruzko galdetegi bat jasotzeko. Hala ere, edukiak edozein unetan ikus daitezke, baita osatutako galdetegiak berregin ere. Baina egunean ezin da eduki berri bat baino gehiago ikusi. Aplikazioak taldeak sortzeko aukera ere ematen du, erabiltzaileek aurrerapen maila lagunekin eta lankideekin alderatu ahal izan dezaten.
Donostiako esperientzia
Esan bezala, egitasmo horren jatorrizko ideia Donostian jarri zen martxan 2019. urtean. Lehen fase horretan, euskarri fisikoan ostalaritza-sektoreko berariazko hiztegi bat sortu zen. Hasierako egitasmo horrek arrakasta handia lortu zuen eta bertan parte hartu zuten establezimenduen % 80k jarraitzeko asmoa azaldu zuten.
Eusko Jaurlaritzak egitasmoan sartzearekin batera egitasmoa EAEko udalerri guztietara zabaldu da eta, horretarako, aurkeztu berri den aplikazioa tresna egokia izan daiteke.
Aplikazioa bi hiztegi ditu, bata orokorra eta bestea ostalaritza ardatz duena. Hiztegiko eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu. Aplikazioa android eta iOS mugikorretarako dago eskuragarri.