Zertan oinarrituta eraikitzen dute nortasun propioa haur eta nerabeek?

Datorren urriaren 3an,”Kontuz, nortasuna eraikitzen” jardunaldiak nerabeen nortasuna baldintzatzen dituzten aldagaietan sakonduko du.

Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak antolatuta, datorren urriaren 3an, “Kontuz, nortasuna eraikitzen” jardunaldien bigarren edizioa izango da Europa Jauregian. Jardunaldia haurtzaroan eta nerabezaroan harreman osasungarriak sustatzea helburu duen Konexio-ona elkartearekin batera antolatu da eta bi saio eskainiko ditu. Goizeko saioa profesionalei zuzenduko zaie eta zenbait hitzaldi eta mahai-inguru izango dira. Arratsaldekoa, berriz, familiei eta komunitateari zuzenduko zaie. Izena emateko epea jada zabalik da eta esteka honen bidez egin daiteke.

Haurtzaroan eta nerabezaroan osatzen da pertsonen nortasuna. Sare sozialak eta Internet agertzeak aldaketa sozial handia eta eraldaketa digitala ekarri ditu, gure bizitzeko, komunikatzeko eta harremanetan jartzeko moduari bete-betean eragiten diona. Esparru horretan, neska-mutilak eta nerabeak beren nortasuna zeren gainean eraikitzen ari diren eta nola gizarteak lagun diezaieken erantzuna ematen saiatuko da jardunaldia.

Haurtzaro eta Senitarte Udal Zerbitzuak hainbat ekintza ditu abian, haurtzaroan eta nerabezaroan osasun mentala erraztuko duten ohitura onak mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.

Programazioa

Goizerako antolatutako programa, profesionalei zuzendua, 9:30ean hasiko da “Diziplina anitzeko begirada: hezkuntza, osasun mentala, justizia” mahai-inguruarekin. Bertan, Belen Uriarte, Ana Gonzalez Pinto eta Ana Jesus Zuluetak hartuko dute parte.

Ordubete beranduago, Konexio-ona elkarteko arduradunek “Lehenengo klikaren atzean” gaiari buruz hitz egingo dute eta, 10:45etan, Monica Alariok “Pornografia: Zer irakasten die haur eta nerabeei?” hitzaldia emango du.

12:15ean, atsedenaldiaren ostean, Toti Martinez de Lezea idazleak “Haurtzaroa: irudimenaren bila” gaia jorratuko du, eta Iñigo Ochoa de Aldak “Nerabezaroa: motibazioaren bila” aurkeztuko du.

Bai Konexio-ona elkartearen hitzaldia bai ondorengo hiru hitzaldiak arratsaldean errepikatuko dira, 16:30etatik 19:00etara, publiko orokorrari zuzenduta egongo direnak.