Euskadiko gazteen langabezia-tasa % 15etik behera egonkortzen ari da

Bigarren hiruhilekoz jarraian, Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15eko langaren azpitik kokatu da. Kontuan hartu behar da, pandemiaren eraginez, aipatu langabezia-tasa azken bi urteetan, 2020ean eta 2021ean, alegia, % 15etik gorakoa izan dela eta, pandemiaren unerik latzenetan, bereziki, 2020ean, % 20tik gorakoa ere izan dela. Daturik okerrena, adibidez, 2020ko hirugarren hiruhilekoan erregistratu zen: % 23,9. Kopuru horiek aintzat hartzen dituzte enplegurik ez duten, baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten gazteak. Hortaz, kopuru horien barruan ez daude lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

Eustatek ematen dituen Biztanleriaren Jardueraren Arabera sailkapeneko datuen arabera, gazteen langabezia-tasan izan den jaitsiera oso esanguratsua izan da, baina ez die berdin eragin gizon eta emakume gazteei. Horrela, gizon gazteen kasuan azken bi urteetan langabezia-tasa 10,7 puntutan jaitsi den bitartean, emakumeen kasuan, jaitsiera 4,4 puntutara mugatu da. Hala ere, kontuan izan behar da 2020an gizon gazteen langabezia-tasa, 4,6 puntu altuagoa zela.