Euskadiko gazteriaren % 24,9k aitortzen du azken hamabi hilabeteetan ausazko jokoetan aritu dela eta apustuak egin dituela. Apustuak egiteko gutxieneko adina 18 urte izan arren, % 31,8k aitortzen du adingabe zenean hasi zela apustuak egiten. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak nerabeen eta gazteen arrisku-jokoa goiz antzemateko eta prebenitzeko jarraibideak biltzen dituen gida bateratu bat argitaratu berri du.
Gida praktiko bat da eta bertan, besteak beste, arduratsua ez den jokoaren arriskuak aztertzen dira, diagnostikorako tresnak eskaintzen dira eta prebentziorako eta tratamendurako zenbait baliabide ere azaltzen ditu. Gida gazteei ez ezik, haiekin lan egiten duten guztiei ere zuzentzen zaie: hezkuntza arloko profesionalak, gizarte-eragileak, osasun-arloko eta arlo soziosanitarioko langileak…
Informazio erabilgarria
Gida Eusko Jaurlaritzako Segurtasun, Hezkuntza, Osasun eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta informazio erabilgarria eta eguneratua ematea du helburu, mendekotasun-jarreren aurrean talde ahul horren jokoarekin alarma-seinaleak interpretatu ahal izateko. Era berean, aholkuak, baliabideak eta materialak eskaintzen dira, eta zori-jokoak eta apustuak ez ezik, mendekotasun-prozesuak edo ludopatiak eragiten dituzten mekanismoak ere testuinguruan kokatzen dira.
Prebentziorako eta esku hartzeko jarraibideak
“Arrisku-jokoa goiz detektatzeko eta prebenitzeko gida” 5 atal nagusitan banatzen da. Lehenik eta behin, joko-motak eta horien ezaugarriak deskribatzen dira: online, presentziala, programatua, ausazkoa, aktiboa, pasiboa, indibiduala, taldekoa, etab. Jarraian, horietako bakoitzak mendekotasuna sortzeko duen ahalmena eta horien arrisku faktoreak (makrosozialak, mikrosozialak, pertsonalak, neurofisiologikoak, nahasmendu psikikoak, etab.) aztertzen dira. Hirugarren atal batean, horrelako jokabideek esparru ezberdinetan izan ditzaketen alarma-seinaleak aztertzen dira: familian, eskolan eta lanaren esparruan, eta joko patologikoaren ondorioen sailkapena ere egiten da. Gainera jokatzen dutenen artean dauden mitoak eta joko sozialetik adikzio edo ludopatia bat garatzera arteko bilakaera ere azaltzen du gidak, bai eta patologiak garatzen dituzten pertsonen ezaugarriak eta portaerak ere.
Gidaren bosgarren atalean joko-nahasmenduak antzemateko eta diagnostikatzeko zenbait tresna jasotzen dira. Horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: familian diren helduek jokoarekiko jarrera eredugarria izatea; adin txikietan jokoarekin harremana ekiditea; joko-portaerekin bateraezinak diren jarrerak, balioak eta bizitzeko erak sustatzea; adingabeen jarduera digitala gainbegiratzea; jokoarekiko jarrera kritikoa eta arduratsua garatzea eta jokoak dituen arriskuei eta ludopatiaren ezaugarriei buruzko informazioa ematea; jokoarekin zerikusia duten gizarteko presio-egoerei aurre egiteko trebeziak garatzea; jokoarekin bateraezinak diren aisialdiko eta denbora libreko jarduerak sustatzea; jokoa edo apustuak (zozketak, loteriak, karta-txapelketak…) normalizatu edo bultzatu ditzaketen ekitaldiak edo jarduerak ez sustatzea; edo, osasun mentalaren garrantziari buruzko diskurtsoak normalizatzea eta horretaz hitz egiteko espazioak sortzea.
Oso hedatuta gazteen artean
Jokoaren Euskal Behatokiak aurten egin duen “Gazteria eta jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan 2021” txostenean bildutako datuek agerian uzten dutenez, jokoa eta apustuak oso hedatuta daude gazteen artean. Ohikoena da aurrez aurre jokatzea (% 69,1), baina online jokoa gora egiten ari da (% 10,1). Gazteen % 20,8k bi joko-modalitateak konbinatzen ditu. Gainera, gazte gehienek (% 78,6k) aitortzen dute familiartekoak ikusi izan dituztela ausazko jokoetan haurrak zirenean, baita etxean ere. Gazteen artean gehien zabalduta dauden aurrez aurreko jokoak honako hauek dira: loteria (% 27,1), kirol-apustuak (% 17,5), kasinoko jokoak (% 16,9) eta B motako makinak (% 12,1). Online jokoen kasuan, berriz, honako hauek dira gazteen lehentasunak: kirol-apustuak (% 57,9), Primitiva (% 9,9) eta online kasinoa (% 8,9).