Ana Estevez: “Gazteen aisialdia, gero eta gehiago, jokoarekin erlazionatzen da”

Gero eta gehiago omen dira online jokoarekin arazoak dituzten gazteak. Zein nolako arazoez hitz egiten ari gara?

Joko-nahasmenduaz hitz egiten dugunean, espresuki, ausazko jokoez ari gara, hots, zortea ezinbesteko faktore moduan erabiltzen duten jokoak. Joko mota horren barruan, seguruenik, ohikoenak txanpon-makinak, bingoa, kasinoa, kirol-apustuak eta kartak ditugu. Ausazkoak ez diren jokoak ez lirateke kategoria horren barruan sartuko. Horrek, hala ere, ez du esan nahi beste joko horiekin arazoak ez direnik. Adibidez, duela gutxi, Osasunaren Mundu Erakundeak bideo-jokoekiko menpekotasuna aintzat hartuko duela iragarri du.

Ba al da gai horren inguruko datu zehatzik?

Ez daude joko-nahasmendua duten pertsonen kopuruaren inguruko datu epidemiologiko eguneratuak. Badira jokoan aritzen diren pertsona asko, badira problematikoak diren jokalariak eta baita menpekotasun bat gara ditzaketen beste zenbait jokalari ere. Aurreko zenbait ikerketen arabera, joko-nahasmenduren bat izan dezaketen pertsonen kopurua % 2-3 ingurukoa izango litzateke. Arazo horren inguruan lan egiten duten elkarteek, lan egiten duten pertsona kopuruaren baitan, antzeko kopuruak aipatzen dituzte.

Fenomeno berri baten aurrean gaude? Garbi dago online izaera nahikoa berria dela, baina, ba al da aurreko belaunaldietan antzeko fenomenorik?

Bai, noski. Joko-nahasmendua ez da gauza berria. 1977. urtean, gure artean aurrez aurreko jokoa legeztatu zenean, joko-nahasmendu kasuen gorakada bat eman zen. Gauza bera gertatu da duela gutxi online jokoa legeztatu denean. Puntu honetan garrantzitsua da azpimarratzea joko-nahasmendua aztertzen dugunok ez dugula on-line eta off-line arteko bereizketarik egiten. Beste kontu bat da zein nolako joko modalitatearen aurrean gauden, baina guztiak joko-nahasmenduaren barruan sartuko lirateke; hots, nola erabiltzen eta kontrolatzen den joko hori.

Zergatik egiten zaie online jokoa hain erakargarri gazteei?

Hori azaltzeko hainbat alderdi aztertu beharko lirateke. Alde batetik, kontuan hartu behar dugu gure garuna 21 urte inguru dugun arte garatzen dela. Gazteei zenbait ezaugarri komun egokitzen zaie: oldarkortasuna, emozioak kontrolatzeko arazoak, ekintzek epe ertain edo luzera izango dituzten ondorioetan ez pentsatzea… Gazterian gauza eta emozio berriak probatzea erakargarri egiten da eta, jokoaren kasuan, gaur egun ikusten ari garena da gazteen aisialdia, gero eta gehiago, jokoarekin erlazionatzen ari dela. Gero eta gehiago dira lonjetan jolasten diren gazteak edota futbol partiden inguruan apustuak egiten dituztenak. Baina hori ere ez da gauza berria. Gure artean apustuak oso errotuta daude; hor ditugu, adibidez, herri-kirolak. Bada etxea halakoetan galdu duen jendea ere.

Joko horiek gazteen artean duten arrakasta zein neurritan oinarritzen da jokoaren erakargarritasun mailan eta zein neurritan horietatik atera daitekeen etekin ekonomikoan?

Guk jendeak zergatik jolasten duen aztertzen dugu eta joko-nahasmendu bat garatzerakoan hainbat faktorek eragiten dute. Hainbat kasutan, gazteek hala adierazi digutelako, dirua modu azkar batean irabazteko aukera ematen dietelako jolasten dute. Horrek hausnarketa sakona eragin beharko liguke, hots, zergatik gure gizartean gazte batek uste duen jokoak dirua modu azkarrean lortzeko aukera ematen diola. Gazte askok uste dute ikasteak edo lan egiteak ez duela merezi edo, behintzat, horrela ez dutela dirua modu azkarrean lortuko.

Erresuma Batuan egin den azterketa baten arabera, apustu-etxeak, batez ere, langabezia-tasa maila altuak dituzten auzoetan eta herrietan zabaltzen dira. Hemen antzeko zerbait gertatzen dela esan daiteke?

Bada, egia esan, ez dut horren inguruko daturik. Hala ere, oparoaldi ekonomikoko garaietan jendeak gehiago jokatzeko ohitura du eta gauza bera gertatzen da krisi garaietan ere. Jokalarien profila aztertzen badugu, sarritan baliabide ekonomiko nahiko dituzten pertsonak direla ikusiko dugu. Izan ere, gaur egun, jokatzeko ez da diru askorik behar. Apustuetan, adibidez, euro bakar batekin 100 euro irabaz daitezke.

Nola bereiz dezakegu arrisku-egoera bat eta menpekotasun egoera bat? Hots, noiz esan genezake benetako arazo baten aurrean gaudela?

Menpekotasunaren lerroa igarotzen da kontrola galtzen denean. Hau da, jokalari batek jokoa utzi nahi baina ezin duenean, menpekotasun kasu baten aurrean izango ginateke. Horrek, gainera, eragin zuzena du pertsona horren egunerokotasunean. Gazteen kasuan garbi ikusten da eskola-errendimenduan, familiarekiko harremanetan, lagunekiko harremanetan, isolamenduan… Hainbat kasutan dirua eskatzen edo lapurtzen dute jolastu ahal izateko.

Ludopaten batez besteko adina 20 urte inguruan kokatu da. Nola ekidin daiteke jada hain gaztetatik halako arazoak izatea?

Nire ustez gai horren inguruan diren politikak berraztertu beharko lirateke. Kasu argi bat publizitatearena dugu. Apustuen publizitatea oso oldarkorra da eta, hainbat kasutan, gazteei zuzenean bideratzen zaie. Horretarako, jende ospetsua erabiltzen ohi da, normalean, puntako kirolariak.

Nora jo dezake horrelako arazoren bat duen gazte batek?

Gure artean badira horrelako nahasmenduak dituzten pertsonak laguntzeko hainbat erakunde. Bizkaian, adibidez, Ekintza-Aluviz dugu; Gipuzkoan, Ekintza-BiBE; Araban, Asajer; eta Nafarroan, Aralar.

Apustuena eta online jokoarena gero eta diru gehiago mugitzen duen sektorea da. Ba al da hori mugatzeko benetako borondaterik? Nola da posible legez debekatuta egon arren adingabeek ere jolastu ahal izatea?

On-line jokoa off-line jokoa baino kontrolatuagoa dago. Horrek ez du esan nahi debekuei muzin eginez jolasten diren adingabeak daudenik, baina ez dut uste kopuruak oso esanguratsuak direnik. Alkoholaren kontsumoan, adibidez, antzeko zerbait gertatzen da. Printzipioz, adingabeek ezin dute alkoholik edan, baina seguruenik kasu bat baino gehiago ezagutzen dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.