Lan prekarietateak emantzipazioa geldiarazten du

Euskadiko eta Nafarroako gazteen % 15 bakarrik bizi da bere gurasoen etxetik kanpo. Laneko behin-behinekotasunak eta etxebizitza erosteko eta alokatzeko prezio altuek bere kontura bizitzeko aukerak oztopatzen dituzte.

Hego Euskal Herrian bizi diren 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 15 bakarrik dago emantzipatuta. Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazioaren Behatokiak argitaratu duen txosten baten arabera, enpleguaren behin-behinekotasunak eta etxebizitza erosteko zein alokatzeko prezio altuek gazteek familiaren etxea uztea zailtzen dute.

Aipatu txostenean jasotzen denez, iazko bigarren seihilekoan, Nafarroan emantzipatuta zeuden gazteen kopurua % 14,9koa zen eta Euskadin, berriz, % 15,5ekoa. Estatuari dagokionez, batez besteko emantzipazio-tasa % 15,6koa da eta tasarik altuena Kantabriak du: %  19,8. 

Gazteen enplegu-sorrera handiagoa izan da Hego Euskal Herrian Estatuko beste autonomia erkidegoetan baino. Horri esker, pasa den urtearen amaieran 2019an eta 2020an (Covid-19aren pandemia aurretik) baino gazte gehiago zeuden lanean. Hala ere, etxebizitza propiorako sarbideak oso konplexua izaten jarraitzen du, nagusiki, behin-behinekotasunagatik, nahi gabeko lanaldi partzialengatik eta etxebizitza erosteko zein alokatzeko prezio altuengatik.

Txostenean islatzen denez, jatorrizko etxebizitzatik kanpo bizi diren gazteen kopuruak nabarmen egin du gora, baina oso arrazoi ezberdinengatik. Euskadin, adibidez, emantzipatutako gazteen kopuruak % 1,8 egin du gora, 2020. urtean erregistratutako gutxieneko historikoaren ostean (% 13,7). Nafarroan, berriz, emantzipatuta bizi diren gazteen kopurua % 0,5 hazi da.

Lan egonkortasunaren garrantzia

Txostenean zehazten denez, Euskal Autonomia Erkidegoan emantzipatuta bizi diren gazteek ‘oso ezaugarri bereziak’ dituzte. Adibidez, gazte horien % 61,9k kontratu mugagabeak ditu eta % 42,8k hiru urte edo gehiago daramatza lanpostu berean. Hortaz, txostenean azpimarratzen da egonkortasuna funtsezko faktorea dela euskal gazteek EAEko etxebizitzaren merkatu libreak eskaintzen dituen erosketa- eta alokairu-prezio handiei berme osoz aurre egin ahal izateko.

Aldi berean, txostenean jasotako datuen arabera, pasa den urtean Euskadin gazteen enpleguaren hazkunde garrantzitsua eman zen, ehuneko zortzi puntu baino gehiagokoa. Katalunia, Madril eta Aragoiren atzetik Euskadi da lanean gazte gehien dituen laugarren erkidegoa. Hala ere, behin-behinekotasunaren hazkundea ere esanguratsua izan da (7,6 puntu) eta beste erkidegoetan ez bezala, lanaldi partziala izateko probabilitateak ere gora egin du (+2,9). Lanaldi partzial horietatik guztietatik, gehienak ‘nahigabekoak’ izango lirateke. 

Euskadiko gazteek pairatzen duten prekarietatea islatzen duen beste datu esanguratsu bat honako hau da: besteren kontura lan egiten duten gazteen % 10ek baino gehiagok hiru hilabetetik beherako kontratuak dituzte. Txostenean jasotzen denez, Euskadin, etxebizitza libre baten alokairuaren hileko ordainketa egiteko gazte batek, batez beste, bere soldataren % 80,2 bideratu beharko luke. Etxebizitza libre bat erosteko, berriz, hileko hipoteka-kuota ordaintzeko soldataren % 65,2 bideratu beharko luke. 

Gainkualifikazioa lanpostuetan  

Nafarroan, pasa den urtean pandemia aurreko garaian baino gazte gehiago lanean izan arren, emantzipatutako gazteen kopurua ia berean mantentzen da: % 14,9 2021ean eta % 14,4 2020an. Txostenean azaltzen denez, “Nafarroako lan-egoerako aldaketek ez zituzten aldatu gazteek beren egoitza-proiektu independenteei ekiteko gaitasuna zailtzen zuten egitura-oztopoak”. Horrela, Nafarroako soldatapeko biztanleria gaztearen ia % 60k aldi baterako kontratuak ditu eta, aldi berean, goi-mailako ikasketak dituzten gazteen kasuan, beren lanposturako gainkualifikatutako gazte gehien dituen erkidegoa da. 

Etxebizitzaren merkatuari dagokionez, gazte nafarrek zailtasun handiak izaten jarraitzen dute. Bestelako erkidegoetan ez bezala, Nafarroan etxebizitza libreak erosteko eta alokatzeko prezioak aldi berean igo ziren, % 3,5 eta % 4,60, hurrenez hurren. 

3,8 soldata etxebizitza ordaintzeko

Estatu mailan, pasa den urtearen amaieran emantzipatuta bizi ziren 16 eta 29 urte bitarteko gazteak % 15,6 ziren. Aurreko urteko (2020) datuekin alderatuta % 0,7ko igoera eman dela azpimarratu behar da, baina oraindik ere pandemia aurreko datuetatik nahiko urrun jarraitzen du (% 18,7). Hazkunde hori eman da mende honetan inoiz izan den kopururik baxuena erregistratu ostean eta, nagusiki, pandemiak eragindako konfinamenduen eraginez suntsitu zen enpleguaren susperraldian oinarritzen da. Aipatu susperraldi horri esker, adibidez, gazteen langabezia-tasa 5,2 puntutan jaitsi da eta % 23,6an kokatu da, 2008. urteaz geroztik erregistratu den daturik onena.

Estatuan, batez beste, gazte batek 3,8 aldiz erabili beharko luke bere soldata garbi osoa batezbesteko etxebizitza baten (170.000 euro) hipoteka ordaindu ahal izateko. Kontua da lan-baldintza egonkorrak dituen gazte batek 100.000 euro arte bakarrik bidera lezakeela hipotekaren ordainketara gehiegi zorpetu gabe.

Prezio oso altuak

Etxebizitzaren merkatuan nagusi diren erosketa prezio altuak direla eta, gazteek duten irtenbide ia bakarra alokairua da. Hala ere, alokairuen prezioek ere nabarmen egin dute gora eta, ondorioz, alokairua ez da irtenbide egokia hainbat gazterentzat. Estatuan hileko batez besteko alokairua 848 eurokoa da; gazte batek (gehiegi zorpetu gabe) alokairura bidera dezakeen kopurua, berriz, 320 eurokoa da. 

Testuingurua, beraz, ez da egokia gazteentzat eta emakume gazteen kasuan, are gutxiago. Izan ere, lan-baldintzak prekarioagoak dira emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Adibidez, lanaldi partziala duten emakume gazteak % 33,7 dira eta gizon gazteak, berriz, % 17,8. Kasu gehienetan, gainera, nahi ez den lanaldia da eta, ondorioz, zaila da gizonen eta emakumeen lan-baldintzak parekatzea.

Estatuan hileko batez besteko alokairua 848 eurokoa da; gazte batek (gehiegi zorpetu gabe) alokairura bidera dezakeen kopurua, berriz, 320 eurokoa da. 

Zorionez, emantzipazioari dagokionez, emakume gazteen eta gizon gazteen artean den arrakala murriztu da. Gutxi dira bakarrik emantzipatu ahal diren gazteak: emakumeen % 13,8 eta gizonen % 26,9.

Etorkizunera begira

Estatu osoan aldi berean lan egiten eta ikasten duten gazteen kopurua % 32ra igo da. Ikasten eta lan egiten ez dutenena (NiNiak), berriz % 2koa da. Gainera, gazteen % 42 gainkualifikatuta dago egiten duen lanerako, hau da, beren prestakuntzatik beherako eginkizunak betetzen dituzte.

Txostenaren arabera, 2021ean, prestakuntza izan zen, berriro ere, lan-merkatuan baldintza hobeak lortzeko bermea. Goi-mailako ikasketak zituzten gazteen langabezia-tasa % 15,9koa da, eta lehen mailako ikasketak dituztenen artean bikoitza baino gehiago:  %38,6. Horrek agerian uzten du lan-merkatuaren dualtasuna, gainkualifikazio tasa altuak goi-mailako ikasketak dituztenen artean eta langabezia-tasa altuak kualifikazio baxua dutenen artean.