Rekalde aretoan, ‘Barriek’ programaren barruan, Garazi Etxebarria Azurmendiren sei margolanen erakusketa izango da ikusgai datorren irailaren 3ra arte. “Barriek” erakusketak Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekez gozatu duten artisten aukeraketa bat erakusten du.
Garazi Etxebarriaren lan berrienetako batzuen bildumak osatzen du erakusketa. Artistak kolorea erabiltzen du adierazteko tresna gisa. Kolore, tonu eta eremu bakoitzak zerbait ezberdina transmititzen du.
Erakusketan sei lan daude ikusgai, horietako bi tamaina handikoak. Artistak hainbat prozedura artistiko erabiltzen ditu: akrilikoa, olioa, barra-olioa eta espraia. Espraia Etxebarriaren obra guztiek partekatzen duten baliabidea da. Metodo honek berehalakotasuna ematen dio artistari margotzeko orduan: mugimendu azkar batekin berezkotasuna ematen duen keinu bat sortzen da. Era berean, espraiak sortutako orbanak kaleko pintadak ekartzen ditu gogora; intentsitateak, distirak eta tantak kalean bertan ikusten ditugun kalitateak dira, eta mihise batera eramanda, obra eskuragarriago bihurtzen dute.
Garazi Etxebarria Azurmendi
Arte Ederretan graduatua UPV/EHUn, Garazi Etxebarriak Erasmus bat egin du Accademia di Belle Arti di Bolognan, Italian. Irakasleen prestakuntzako masterra egin du 2019an, eta pinturako masterra 2020an, biak UPV/EHUn.
Besteak beste, Vacío color y gesto (Barakaldo, 2020), La necesidad de expresión y la resolución de callar (Galdakao, 2020) eta Garazi Etxebarria Azurmendi (Bologna, Italia, 2019) erakusketetan erakutsi du bere lana.
Beste erakusketa kolektibo batzuen artean, Ertibil Bizkaiaren XXXIX. edizioan parte hartu du (Bilbo, 2021). Honako erakusketa hauetan ere erakutsi zuen bere lana: Estas están eta Prólogo Araba aretoan (Gasteiz, 2019/2020) eta Entretejiendo la diáspora, Civivox Iturraman (Iruña, 2020). Pintura-erakusketez gain, bere obra grafikoa ere erakutsi du FIGeko Tentazioen kuboetan (Bilbo, 2017).
Bizkaiko Foru Aldundiak beka eman zion Un muro beige proiektuari arte plastiko eta bisualen modalitatean (2020).