Gazteen emantzipazioa jada eskubide bat da Euskadin

Eusko Legebiltzarrak Gazteriaren lehen Legea onartu du. Lege horrek ezartzen duenez, euskal administrazioek politika aktiboa garatu beharko dute gazteek etxebizitza duina izateko aukera izan dezaten. Gainera, gazteen ikuspegia euskal administrazio publikoen politika eta ekintza guztietan sartu behar da.

Hainbat saiakerak huts egin ondoren, Euskadik jada badu Gazteriaren Lege bat. Arau berriak, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdien babesa izan du eta bi ardatz nagusi izango ditu: emantzipatzeko adina jaitsi eta etxebizitzarako eta enplegurako sarbidea erraztu. 

Gazteriaren Euskal Behatokiaren “Euskadiko gazteriaren emantzipazio-egoeraren diagnostikoa” txostenaren arabera, duela zenbait urtetik hona, euskal gazteek ez dute, batez beste, 30 urte bete baino lehen beren gurasoen etxea uztea lortzen. 

Era berean, desdoitze argia dago gazteek emantzipatu nahi duten adinaren eta emantzipazioa errealitate bihurtzeko baldintzak betetzen diren adinaren artean.

Aipatu txostenean jasotako datuen arabera, EAEn, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 38,5 bakarrik dago emantzipatuta. Edozein kasutan, adinaren arabera alde handiak daude. Horrela, 25 urtetik beherako gazteen % 7,4 bakarrik emantzipatuta dago. Adinean gora egin ahala kopuru horrek ere gora egiten du: 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 42,5 eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean % 73,2. Nolanahi ere, 35 urterekin, lau gaztetatik batek gurasoekin bizitzen jarraitzen du.

Europa

Datu horiekin, Euskadin emantzipatuta bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko gazteen ehunekoa Europan den batezbestekoa baino nabarmen baxuagoa da (% 51,8). Europako iparraldean diren herrialdeekin alderatuta, aldea are handiagoa da. Danimarkan, Suedian eta Finlandian, adibidez, gazteen hiru laurden emantzipatuta bizi dira.

Emantzipazio berantiarraren arrazoi nagusietako bat, garrantzitsuena ez bada, etxebizitza librea jabetzan eskuratzeko kostu altuegia da. 2020. urteko datuen arabera, gazte batek independizatu nahiko balu, merkatu libreko etxebizitza baten hipotekaren lehen hilekoa ordaintzeko bere soldataren % 58,7 jarri beharko luke. Etxebizitza librea alokairuan hartu nahi izanez gero, berriz, alokairuaren lehen hilekoa ordaintzeko, batez beste, soldataren % 54,7 jarri beharko luke.

2020an, eta hipoteka maileguaren lehen kuota ordaintzeko gomendagarria den soldata garbiaren % bakarrik 30 bideratuko balu, soldatapeko gazte baten soldata % 95,5 handiagoa izan beharko litzateke merkatu libreko etxebizitza, egungo prezioan, bere kabuz erosi ahal izateko. Gazte batek bere kabuz etxebizitza bat alokatu nahi izango balu, gainzorpetzean erori gabe, bere soldatak % 82,4 handiagoa izan beharko luke. 

Emantzipazioaren batez besteko adinean aurrera egin

Gazteriaren Lege berriak emantzipaziorako batez besteko adina jaistea du helburu gazteek beren bizitza proiektua gara dezaten. 

Testuak adierazten duenez, gazteria-politikak jatorrizko etxetik atera eta beren familia-gunea osatu nahi duten gazteei, nagusiki, 25 eta 29 urte bitartekoei lagundu behar die, bizitza proiektu horiek oztopatzen edo eragozten dituzten faktore horiek zuzenduz.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, “2030. urterako emantzipaziorako batez besteko adina 28 urtekoa izatea nahi da”.

Legeak eragina du gazteen sozializazio-prozesuetan, aukera-berdintasunaren ikuspegitik, haien egoera, sexua, jatorria edo beste edozein baldintza edozein izanda ere. Era berean, gazteek garatzeko, ikasteko eta sozialki parte hartzeko dituzten baliabideak hobetu nahi ditu.

Lege berriak zenbait eskubide eta prestazio aitortzen ditu, hala nola, emantzipaziorako eskubidea, “emantzipazioa sustatzeko prestazio eta zerbitzu guztiak eskuratuz, legean eta arauen garapenean ezarritakoaren arabera”.

Legeak ezartzen duenez, bere jarduera eremua 12 eta 30 urte bitarteko biztanleen artean kokatzen da eta adin tarte horretako gazteek beren bizitza proiektua garatzeko aurkitzen dituzten zailtasunei erantzun integrala ematen saiatzen da. 

Etxebizitza duina

Testuak azpimarratzen du euskal administrazioak politika aktiboa garatuko duela, gazteek etxebizitza duina izateko aukera izan dezaten, merkatuan eskaintzen direnak baino baldintza hobeak eskainiz.

Artolazabalek azaldu duenez, “Lege berriaren emantzipazio-politikak faktore objektiboetan eragiteko diseinatu eta zabaldu dira, hala nola etxebizitzan, enpleguan, kredituan, laguntzetan eta informazioan, bai eta subjektiboetan ere, hala nola familia-etxetik irtetea eta finkatzea baldintzatzen duten aukeretan eta kulturan. Politika horiek elkarrekin ebaluatuko dira, aipatutako helburu zehatzetan oinarrituta, arrakastetatik eta porrotetatik abiatuta elkarrekin ikasteko”.

Horrela, lege berriak jasotzen dituen eskubideen artean ‘etxebizitza edo bizileku duin bat izateko eskubidea jasotzen da, eta, hala badagokio, eskuragarria, alokairuko eskaintza publikoaren, prestazio ekonomikoen edo euskal administrazio publikoen beste neurri batzuen bidez’. Zuzkidura-bizitokiak eta etxebizitza komunitarioak bezalako irtenbideak ere aipatzen dira. Aldi berean, ‘Gazte-emantzipaziorako EAEko sarea’ (GAZ) delakoa eratuko da emantzipazio prozesuak errazteko. 

Gazte-ikuspegia

Lege berriak gazte-ikuspegia txertatuko du euskal administrazio publikoen politika eta ekintza guztietan. Legearen arabera, euskal erakundeek gazteen laneratzea erraztu eta bultzatzeko eta gazteen kalitatezko enplegua sustatzeko berariazko programak eta ekintza zehatzak sustatu beharko dituzte.

Era berean, gazteek gizartean bete-betean eta aktiboki parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko, gazteen eta euskal administrazio publikoen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako guneak sortu eta indartuko dira. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin gaur egun egitasmo zehatzen inguruan den harremana indartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak Komunikakzioa izeneko egitasmoa sustatu nahi du, panel egonkorren sarea, politiken, zerbitzuen eta ekimenen diseinuan eta abiaraztean gazteen zuzeneko parte-hartzea sustatzeko.

Legeak jasotzen duenez, administrazioek lan egingo dute emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizarte berdintasunezkoagoa eraikitzeko prozesuan gazteak aldaketa-eragile izan daitezen.

Baloreetan oinarritutako hezkuntza eta ohitura osasungarriak

Legeak azpimarratzen duenez, Administrazioak bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza eta erabilera bermatu beharko du eta baita beste hizkuntzena ere gazteen hezkuntza eleanitza lortzeko.

Arreta berezia eskainiko zaio baloreetan oinarritutako hezkuntzari, hala nola, bakea eta gatazken konponketa baketsua, giza eskubideen errespetua, elkartasuna, ardura, aukera berdintasuna, hezkidetza, bizi-ohitura osasungarriak, jarrera xenofobo eta arrazisten prebentzioa edo arraza, sexu edo sexu-orientazioagatik eman daitekeen edozein diskriminazioren prebentzioa.

Legean jasotzen denez, ekintzak eta programak sustatu behar dira gazteek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden kultura-errealitate desberdinak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, Legeak dio administrazioek osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatu beharko dituztela gazteen artean. Testuan jasotzen denez, arreta berezia eskainiko zaie honako alderdi hauei: osasun mentala eta emozionala, droga-mendekotasuna eta bestelako mendekotasunen prebentzioa eta tratamendua, elikadura nahasmenduak, sexu-transmisiozko gaixotasunak eta nahi gabeko haurdunaldiak eta auto istripuen prebentzioa.