Gero eta gazte gutxiago daude Euskadin

Euskal Autonomia Erkidegoan 15 eta 29 urte bitarteko 312.865 gazte bizi dira, hots, biztanleria osoaren % 14,2

Gero eta gazte gutxiago daude Euskadin. Estatistika Institutu Nazionalaren behin behineko datuen arabera, urte honen hasieran Euskal Autonomia Erkidegoan 15 eta 29 urte bitarteko 312.865 gazte bizi ziren, hots, biztanleria osoaren % 14,2.

Ekainean argitaratu genuen erreportajean ikus daitekeen bezala, Euskadi zahartzen ari da. Horrela, aipatu adin taldea beste adin-talde helduagoekin alderatuta, gazteriarenak gero eta pisu gutxiago duela ikus daiteke.

Aipatu iturriaren arabera, EAEn bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean % 51,4 gizonak dira eta % 48,6 emakumeak. Bost urteko tarteko adin-taldeen araberako banaketa oso orekatua da: % 34,4k 15-19 urte dituzte, % 32,9k 20-24 urte, eta gainerako % 32,7k 25-29 urte. Lurralde historikoei dagokionez, berriz, aipatu adin tarte horretako gazteriaren erdia baino gehiago (% 50,8) Bizkaian bizi da. Gipuzkoan heren bat baino gehiago bizi da (% 34,4) eta Araban, berriz, % 14,8 besterik ez. Bestalde, azpimarratzeko da EAEn bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 14k atzerrian duela jatorria. Atzerrian jatorria duten biztanleen pisua handiagoa da 25-29 urte bitarteko adin-taldean 15-24 adin-taldean baino.