Udarekin batera Urgulleko Natur Txokoak bere ateak zabaldu ditu berriz ere. Aurten, gainera, berrikuntza garrantzitsu batekin dator Natur Txokoa. Izan ere, aurreko urteetan ez bezala, aurten Urgulletik hiriko beste hainbat gunetara zabalduko da familien eta, batez ere, txikienen gozamenerako marrazketa, irakurketa eta sorkuntza tailerrekin.
Natur Txokoko hezitzaile Itxaso Sánchezek azaldu duenez, “Aurten Natur Txokoa kanpora atera dugu, paseatzen dabilen jendeari erakargarriagoa egiteko. Gainera, Natur Txokoan egiten ditugun ekintza hauek naturarekin eta Urgull mendiarekin erlazionatuta daude”.
Urgulleko Natur Txokoa Gobernadorearen Baterian dagoen naturaren gela berezia da. Bere xedea da ingurumen-aberastasun handia duen kokagune historiko honetatik naturarekiko errespetua sustatzea, aisialdiko jarduera didaktikoen bidez.
Txokoa zabalik izango da datorren abuztuaren 31ra arte, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Kanpoaldeko guneak arratsaldez izango dituzue erabilgarri. Hala, goizez Natur Txoko barruan egingo dituzte eskulanak eta beste hainbat jarduera, besteak beste, material berrerabiliekin. Astearte eta astezkenetan, berriz, ohi bezala, 18:00etan jarduera bereziak izango dituzte Natur Txokoaren inguruan.