Euskadi zahartzen ari da

Azken 40 urteetan, euskal gazteen kopuruak behera egin du, eta adineko pertsonen kopuruak, berriz, gora. 2021ean, biztanleriaren % 18k bakarrik zituen 20 urte baino gutxiago; 65 urtetik gorakoak, berriz, % 23 dira.

Euskadi urtero gero eta zaharragoa da. Biztanleria-piramideak jada ez du izen hori merezi, gero eta gehiago, zuhaitz baten itxura hartzen ari baita. Euskadiko populazio piramidearen oinarria askoz estuagoa da erdialdean eta badirudi hurrengo urteetan joera hori nabarmendu egingo dela alderantzikatutako piramide baten itxura hartu arte. 

Azken 40 urteetan euskal gazteen kopurua nabarmen jaitsi da. Aldi berean, pertsona nagusienen kopuruak nabarmen egin du gora. Horrela, 1981. urtean Euskadin bizi ziren hiru pertsonetatik bat 20 urtetik beherakoa zen bitartean, 2021. urtean kopuru hori % 18raino jaitsi da, hots, 15 puntu gutxiago. Aldi berean, 65 urtetik gorako biztanleria 2,5 aldiz biderkatu da eta % 9tik % 23ra pasatu da. Ildo berean, askoz nabarmenagoa izan da 85 urtetik gorako biztanleriaren hazkundea, bere kopurua 5,3 aldiz biderkatu baita azken lau hamarkadetan. Une honetan, adin-tarte hori biztanleria osoaren % 4,1 izatera iritsi da.

Gizartearen zahartzea

Zahartze fenomeno hau ez da soilik Euskadiri eragiten dion fenomenoa. 2018. urtean ‘The Lancet’ aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaltzen zenez, 2040. urtean munduko 59 herrialdetako bizi-itxaropena 80 urtetik gorakoa izango da. Herrialde horien artean mendebaldeko Europako herrialde guztiak aurkitzen dira. Azterlanak azpimarratzen duenez, Espainiak izango du bizi-itxaropen handiena (85,8 urte), sailkapen hori hasi ohi duen Japonia gaindituz (85,7).

2050. urterako 80 urte edo gehiago duen biztanleria hirukoiztu egingo dela aurreikusten da. 2019. urtean adin hori gainditu duten biztanleak, mundu osoan, 143 milioi ziren; 2050. urterako 426 milioi izango direla uste da. Urte horretan, Euskadin, 65 urtetik gorako biztanleria 15 urtetik beherakoa bikoiztuko duela aurreikusten da.

Biztanleriaren zahartzea, beraz, Europako herrialde gehienek aurre egin beharko duten erronka nagusietako bat da, bere ondorio sozioekonomikoak itzelak baitira.

Lehenengoa eta nabarmenena da pertsona nagusien ehunekoa biztanleria osoarekiko nabarmen handituko dela hurrengo hamarkadetan, “baby boom” belaunaldia osatzen zuten horien ehuneko handi bat erretiro-adinera iristen denean. Ondorioz, une horretan lanean diren horiek karga handiagoa jasan behar izango dute pertsona nagusi horiek behar dituzten gizarte-zerbitzuen kostuari aurre egin ahal izateko: osasun zerbitzuak, farmazeutikoak, mendekotasunekoak… Horrek, noski, ongizatearen estatuari eragingo dio. Eta, ikuspegi ekonomiko batetik, ondorio nagusia erretiro-pentsioen jasangarritasuna izango da, Gizarte Asegurantza Sisteman izango diren sarrera eta irteeren artean desdoitze handia egongo baita.

Irtenbideak bilatu nahian, lehenik eta behin, egitura demografikoaren aldaketa eragin duten faktoreak ezagutu behar dira. Adituen ustez, funtsean, hiru lirateke, arazo demografiko hau eragin duten aldagaiak: bizi-itxaropenaren igoera, jaiotza-tasa baxuak eta immigrazioa. 

Bizi-itxaropenaren igoera

Bizi-itxaropenaren igoera, noski, albiste oso ona da. Gure gizartearen lorpen handienetako bat da, baina, aldi berean, ondorio ekonomiko garrantzitsuak ditu. Izan ere, zoritxarrez, bizi-itxaropenaren igoera horrek ez du biztanleriaren zahartzea arin zezakeen jaiotza-tasaren hazkunde batekin bat egin.

1976. urteaz geroztik, Euskadiko gizon eta emakumeen bizi-itxaropena etengabe igo da eta 2019. urtean bere mailarik gorenera iritsi zen: 80,8 urte gizonen kasuan eta 86,6 emakumeen kasuan. 

2020. urtean gizonen bizi-itxaropenak hamarren bat galdu zuen eta emakumeenak, berriz, hiru hamarren. Jaitsiera hori Covid-19aren pandemiak eragindako heriotza-tasaren ohiz kanpoko igoeraren ondorioa da. Pandemiarik gabe, gizonen bizi-itxaropena 81,3 urtetara iritsiko zen eta emakumeena, berriz, 86,8ra; hau da, bost hamarren gehiago gizonen kasuan eta 2 hamarren gehiago emakumeen kasuan. 

1981an baino 50.000 pertsona gehiago

Euskadin, jaiotza-tasak behera egin duen arren, biztanleriak gora egin du. Horrela, 2021. urtean 1981ean baino 51.000 pertsona gehiago bizi ziren. Hori da, hain zuzen ere, Eustatek egiten dituen eta Panorama Demografikoa 2022 txostenean argitaratu diren analisietan azaltzen diren datuak. Zergatik igo da biztanleria jaiotza-tasa nabarmen jaisti bada? Immigrazioagatik. Eta, nagusiki, mende honen hasieran iritsi ziren etorkinengatik.

1981. urtetik hona, euskal biztanlerian zenbait aldakuntza izan dira. Aldi horren lehen erdian, hau da, 2001. urtera bitartean, euskal biztanleriak 59.000 biztanle galdu zituen, batez ere, 90eko hamarkadan. Garai horretan, migrazio-saldo negatiboak eta saldo begetatibo (jaiotza eta heriotzen arteko aldea) negatiboak batu ziren.

Joera horrek aldakuntza handi bat izan zuen mende berriarekin batera. XXI. mendeko lehen hamarkadan euskal biztanleriak 91.000 biztanle irabazi zituen, esan bezala, nagusiki migrazio-saldo oso positiboaren eraginez, baina baita saldo begetatibo positibo bati esker ere. Hamarkada horretan izan zen igoerari esker aurreko 20 urteetan galdutako guztia erraz berreskuratu zen.

2012-13 aldian biztanleriak berriz ere behera egiten du migrazio-saldo negatiboaren eraginez. Joera hori bi urte beranduago amaituko da eta 2014. urteaz geroztik biztanleriak etengabe gora egin du. 2020. urtean Euskadik bere maximo historikora iritsi zen, ia 2,2 milioi biztanlerekin. Azken urteetako hazkundea migrazio-saldo positiboaren ondorioa da, saldo begetatiboa gero eta negatiboagoa baita.

Maximora iristi ostean, biztanleriak berriz behera egin du. 2019. urtearekin alderatuta 9.508 biztanle gutxiago daude Euskadin. Beherakada horretan pandemiaren eragina nabari da.

Jaiotza-tasa

Jaiotza-tasa gordina nabarmen jaitsi da azken hamar urteetan; mila pertsonako 9,7koa zen 2011. urtean, eta 6,7koa 2020an, tasarik baxuena 1976. urteaz geroztik (orduan ia milako 20koa zen eta Espainiakoaren gainetik zegoen). 1981. urtearekin alderatuta beherakada % 64koa da, hots 26.361 jaiotza gutxiago. 

Jaiotza-tasan izan den beherakadarekin batera amek seme-alaben jaiotzean duten batez besteko adinak ere gora egin du azken lau hamarkadetan. Zehazki, 1981. urteaz geroztik amen batez besteko adina 4,4 urte altuagoa da eta 33 urtetik gorakoa da. Kopuru hori Espainiakoa (32,3 urte) eta Italiakoa (32,2 urte), Portugalekoa (31,6 urte) eta Alemaniakoa (31,3 urte) baino handiagoa da. Aipatu herrialde horietan ere ugalkortasun txikia dute. 

Migrazio-saldoa

Mende honetan biztanleriaren hazkundearen arrazoi nagusia, eta zenbait unetan bakarra, migrazio-saldoa izan da. 

1988. eta 1999. urteen artean, EAEk 52.638 pertsona galdu zituen migrazioengatik. Baina migrazioei esker, 2000. urteaz geroztik, 169.425 biztanle gehiago daude. Mende honen lehen hogei urteotan, 787.321 pertsonak immigratu dute eta 617.896k emigratu; hala, XX. mendeko azken hamaika urteetako noranzkoa alderantzikatu da; orduan, 136.159 etorkin izan ziren eta 188.797 emigrante. 2014. eta 2019. urteen artean, migrazio-saldoa positiboa izan da, gero eta handiagoa. 2019. urtean 1988. urtetik hona erregistratu den saldorik positiboena erregistratu zen. Azken 30 urteetan atzerriarekiko migrazioa-saldoa beti positiboa izan da, 2012-14 aldian izan ezik. Hiru urte horietan saldo negatiboa izan zen, 12.851 pertsonakoa, hain zuzen ere. Hala ere, 1997. urtera arte saldo positibo horiek oso txikiak ziren eta, normalean ez zuten 2.000 pertsonen langa gainditzen. 2019. urtean langa hori 18.000tik gorakoa zen eta pandemiaren eraginez,urtebete beranduago, % 71eko jaitsiera izan zuen.

Estatuarekiko saldoa, berriz, beti negatiboa izan da 1988-2008 aldian. 1988an aurkituko dugu saldorik nagatiboena (21.000 pertsona). Beste urte horietan guztietan saldo negatiboa 4.000 inguru kokatu da.

Eustatek estatistika hau egiten duenetik, 2008. urtea izan da, 49 pertsonarekin, beste Autonomia Erkidegoetatik Euskadira emandako immigrazioa Euskaditik beste Erkidegoetara emandakoak baino altuagoa den lehen urtea. Joera hori urteekin sendotzen joan da: 2011. urtean 6.638raino iritsi zen eta 2019an 1.135ekoa izan zen. Pandemiak eragin handiagoa izan zuen gainerako autonomia-erkidegoekiko migrazio-saldoan, negatiboa izan baitzen eta 733 biztanle galdu baitziren.

Ezkontza gutxiago eta beranduago

Eustatek aztertzen duen beste fenomeno demografiko bat ezkontzena da. 2020. urtean ezkontza-tasa gordina ‰ 1,7koa izan zen, eta, aurreko urtean ‰ 3,2koa. Tasa hori, 1978koarekin alderatuta, % 59 baxuagoa da. 

Euskadiko ezkontza-tasa beti izan da inguruko herrialdeetakoa baino baxuagoa, baina aldea handitu egin zen 2020an; Europar Batasunean osoko ezkontza-tasa gordina ‰ 3,2 izan zen.