“Gure gorputzak, gure bizitzak, gure eskubideak”

Maiatzaren 17an Homofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatu da heteronormatiboaz bestelako sexu-lehentasunak dituzten pertsonenganako bazterketa-, indarkeria- eta gorroto-ekintzei amaiera emateko

XXI. mendean, oraindik ere, milioika pertsonak irainak, indarkeria, diskriminazioa, tortura, espetxeratzea eta exekuzioak jasan behar izaten dituzte beren sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik. 

Urtero, maiatzaren 17an Homofobia, Bifobia eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, 1990eko maiatzaren 17an Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuelako. Erreibindikazio egun horren xedea da heteronormatiboaz bestelako sexu-lehentasunak dituzten pertsonenganako bazterketa-, indarkeria- eta gorroto-ekintzekin amaitzea.

Aurtengo leloa “Gure Gorputzak, Gure Bizitzak, Gure Eskubideak” izan da. Horren bidez, pertsona guztiok gure gorputzen eta bizitzen inguruko erabakiak hartzeko eskubidea dugula gogorarazi nahi izan da.

Gorrotoa eta arbuioa

Homofobia, bifobia eta transfobia, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik jendea baztertzea, diskriminatzea edo gorrotatzea da. 

Amnistía Internacional erakundeak adierazi duenez, pertsona homosexual, bisexual eta transgeneroekiko gorrotoaren edo arbuioaren atzean sozialki eraikitzen diren estereotipoak eta aurreiritziak daude. GKEren ustez, gorroto-diskurtsoek LGBTI komunitatearen aurkako jarrerak iraunarazten laguntzen dute. Horregatik, sexu-hezkuntza funtsezko elementua da arbuio horren kausak geldiarazteko.

Sexu-orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako diskriminazioak pertsonen askatasuna mugatu eta zirraren garapena eta sexu-hezkuntza oztopatzen du. Gainera, autoestimu- eta antsietate-arazoak sor ditzake, eta depresio- eta suizidio-aukerak areagotu.

Urteak aurrera egin ahala LGTB aldarrikapenek gero eta babes handiagoa lortu duten arren, oraindik ere hiru herrialdetatik batek zigortu egiten ditu harreman homosexualak. Horietako hamaikan heriotza-zigorrarekin. Guztira, NBE osatzen duten 197 estatuetatik 69k sexu bereko pertsonen arteko harremanak kriminalizatzen dituzte.

Aitzitik, Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersex-en Nazioarteko Elkartearen (ILGA) arabera, bakarrik 28 dira berdintasunezko ezkontzak legez araututa dituztenak. 

Gurean, Gazteriaren Euskal Behatokiak online egin duen inkesta baten arabera, 15 eta 30 urte bitarteko Euskadiko gazteriaren % 63k uste du indarkeria homofoboa nahikoa hedatuta dagoela euskal gazteriaren artean. Zehazki, % 22k dio oso zabalduta dagoela eta % 40,8k nahiko zabalduta.

Emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan uste dute indarkeria hedatuta dagoela gazteen artean (emakume gazteen % 72,5 dira iritzi horretakoak eta gizon gazteen kasuan % 53,9).

LGTBI kolektiboaren kriminalizazioa

Saudi Arabia, Brunei, Iran, Mauritania, Nigeria (iparraldeko 12 estatutan) eta Yemen dira horrelako harremanen kasuan heriotza-zigorra ezartzen duten herrialdeak.

Afganistanen, Arabiar Emirerri Batuetan, Pakistanen, Qatarren eta Somalian heriotza-zigorra ezar liteke, nahiz eta ziurtasun juridiko gutxiago dagoen horren inguruan.

Afrikan, LGTBI kolektiboko lagunek abusuak eta diskriminazioa pairatzen jarraitzen dute Kamerun, Kenia, Senegal, Tanzania, Togo eta Uganda bezalako herrialdeetan.

Ekialde Ertainean (Iran, Bahrein)eta Afrika Iparraldean (Egipto, Marokon eta Tunisia) LGBTI pertsonak atxilotu eta espetxeratzen dituzte “jokabide ez-moraleko” karguengatik.

Asian, Indonesia eta Malasia bezalako herrialdetan, homosexualek jazarpena, diskriminazioa eta indarkeria jasaten dituzte. Amerikan, Argentinan, El Salvadorren, Haitin, Hondurasen, Dominikar Errepublikan edo Venezuelan, besteak beste, LGBTI ekintzaileen aurkako gorroto-krimenak, diskriminazioak, hilketak eta jazarpenak handiak dira. Brasil da oraindik ere munduko herrialderik arriskutsuena trans pertsonentzat. 2008ko urtarriletik 2020ko irailera bitartean, gutxienez 3.664 trans pertsona hil zituzten mundu osoan, Hildako Trans Pertsonen Behatokiaren (MMT) estatistiken arabera.

Diskriminazioa Europan

Europan, Letonia, Lituania, Bulgaria, Kroazia, Serbia, Hungaria, Moldavia eta Errusia bezalako herrialdeetan maiz urratzen da adierazpen- eta bilera-askatasuna. Gainera, zenbait herrialdetan, homosexualitatea legez zigortuta ez badago ere, LGTBI kolektiboko pertsonek egunero diskriminazioa eta gorroto delituak jasan behar izaten dituzte. Diskurtso homofoboak, bifoboak eta transfoboak kargu politiko, erlijioso eta komunikabideen eskutik datoz.

Europako Batzordearen 2020-2025 Berdintasun Estrategiaren datuen arabera, Europako herritarren % 76k eskubide-berdintasuna egon beharko litzatekeela uste duen arren, LGTBIQ+ pertsonen % 43 diskriminatuta sentitzen da.

Azterlan horretan bertan jasotzen denez, interserxualen % 22k (bostetik batek) bere sexu-orientazioagatik indarkeria jasan izan duela adierazi du. Ehuneko hori % 62raino igotzen da diskriminazioaz hitz egiten bada. Bisexualen % 19k adierazi du laneko jazarpena jasan duela inkesta egin aurreko urtean. Gainera, LGTBIQ+ pertsona asko pobreziako eta gizarte-bazterketako arriskuan daude, eta, gainera, antsietatea eta depresioa bezalako arazoak dituzte.

Gainera, ekuazioan jatorriaren faktorea sartzen bada, hala nola etnia zehatz batekoa izatea edo migratzaileen ondorengo izatea, bereizkeria-ehunekoak nabarmen handitzen dira.

Azken 12 hilabeteetan Europako 49 herrialdetan LGBTI pertsonen egoera legala eta politikoa sailkatzen duen ILGA-Europek egindako urteko sailkapenaren arabera, Malta da, berriz ere, kolektibo hori gutxien diskriminatzen duten politika, lege eta praktika onenak dituen Europako herrialdea.

Babes legala

Hainbat urteko geldialdiaren ondoren, ILGAk adierazi du Grezian, Letonian, Lituanian, Serbian, Eslovakian eta Eslovenian legegintzako mugimendu positiboa dagoela, eta horrek indargabetu egiten duela Europan LGBTI+ eskubideen arloan Ekialdea/Mendebaldea banaketa dagoela dioen narratiba. Horrek aukera handiak ematen dizkie herrialde horietako gobernuei demokrazia ezartzeko eta aplikatzeko.

Espainia hamargarren postuan dago aurten, aurreko bi urteetan seigarren postuan egon ondoren, eta 2011n lortu zuen bigarren postutik oso urrun. Kolektiboaren eskubideak hobetzeko hartzen diren politiketan oinarritzen den Europa mailako sailkapenaren arabera, Polonia litzateke Europar Batasunaren barruan okerren sailkatutako herrialdea, eta Azerbayan, Turkia, Armenia, Errusia eta Bielorrusia, oro har, okerren sailkatutako herrialdeak.

Oro har, estatu gehienetan "LGTBI eskubideen inguruan dauden hutsuneak betetzeko" joera antzeman da, "demokraziaren aurkako mehatxu berrien aurrean estandar berriak bultzatzeko".