Homosexualitatea delitua da 69 herrialdetan

Beldurra, sekretua eta indarkeria dira, oraindik ere, mundu osoko LGTBI pertsonek egunero aurre egin behar dieten errealitateak, baita berdinzaletzat jotzen diren herrialdeetan ere. 1990. urtez geroztik, maiatzaren 17an LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, gizarte anitza, askea eta beldurrik gabea aldarrikatzeko. Egun horretan, duela 31 urte, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Transexualitatearen kasuan, berriz, zenbait urte gehiago itxaron behar izan ziren, 2018. urtera arte, hain zuzen ere, zerrenda horretatik ateratzeko.

LGTBI pertsonen lege-babesean aurrerapen handiak egin diren arren, oraindik NBEko 69 estatu kidek sexu bereko helduen arteko adostutako sexu-harremanak zigortzen jarraitzen dute. 

Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersex (ILGA) Nazioarteko Elkarteak argitaratu duen “Estatu-homofobia 2020” txostenaren arabera, oraindik ere, zenbait herrialdetan sexu bereko pertsonekin egindako sexu-ekintzak kartzela-zigorren bidez zigortu daitezke, baita heriotzarekin ere. 

Aurrerapenak eta atzerapausuak

Aipatu txostenak homofobiaren panorama globalean aurrerapenak eta atzerapausuak izan direla azpimarratzen da. Horrela, homosexualitatea kriminalizatzen duten 69 estatu badaude ere, gehienetan, 124tan, legezkoa da. Gainera, 28tan sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimentzen dituzten legeak daude, eta beste 34tan berriz, bat-egite zibilak onartzen dira.

Baina atzerapausuak ere badira. Horrela, ILGAk salatzen duenez, azken bost urteetan, NBEko kide diren 34 estatutan aktiboki kriminalizazio legeak ezarri dira. ILGAren ustez horrelako neurriak hartu dituzten herrialdeen kopurua, seguruenik, handiagoa izango da.

ILGAko ikerketa-koordinatzaile  eta aipatu txostenaren egile Lucas Ramón Mendosek azaltzen duenez, “arau horiek oraindik indarrean dauden lekuetan, pertsonak edozein unetan salatu eta atxilotu daitezke, baita sexu bereko norbaitekin adostutako sexu-ekintzak egin izanaren susmopean ere. Epaitegiek aktiboki prozesatzen dituzte kasu horiek eta kartzelara, jendaurrean zigortzera edo heriotzara kondenatzen dituzte”.

Egiptok eta Irakek, adibidez, ez dute homosexualen kontrako lege-xedapenik, baina, ILGAk azaltzen duenez, izatez, bada pertsona horien aurkako kriminalizazio bat.

Txostenaren egileek munduko sei herrialdetan homosexualitatea heriotza zigorrarekin zigortzen dela salatzen dute; horien artean, Saudi Arabia eta Yemen. Beste bost herrialdetan ere halako zigorrak jartzen direnaren susmoa dago. Horietako bat Qatar da, datorren urtean Munduko Futbol Txapelketa hartuko duen herrialdea, hain zuzen ere. Egoera berean Afganistan aurkituko litzateke.

Gune seguru gutxiago

2020an mundu osoak Covid-19aren pandemiak sortutako ondorioen aurka borrokatu behar izan zuen. Eta LGBTI kolektiboak ez zuen hain erraz izan.

ILGAko Programa zuzendari Julia Ehrtek azaltzen duenez, "mundu mailako desparekotasuna eta indarkeria biderkatu dira eta LGTBI kolektiboarentzat, egun batetik bestera, gune seguruak nabarmen murriztu dira".

Ehrten ustez, "zenbait gobernuk Codiv-19ak emandako aukera aprobetxatu dute gu zapaltzeko, jazartzeko, gaizkile errugabe bihurtzeko eta bortizki diskriminatzeko. Legeak desparekotasun-iturri ziren hainbat herrialdetan egoerak okerrera egin du”.

Adibidez, Polonian "LGTB pertsonetatik libre diren guneak" biderkatu dira. Hau da, hango hainbat herritan "LGTB ideologia" baztertu dute. Leku horietan pertsona homosexualek aukera gutxi dituzte: emigratu, ezkutatu edo borrokatu.

Indonesian, berriz, "konbertsio terapiak" delakoak sustatzen saiatu dira. Horien bidez, eta ondorio larriak dituzten metodo inbaditzaileak erabiliz, pertsona homosexualen sexu-orientazioa aldatu nahi dute.

Floridako (AEB) epaitegi batek horrelako terapiak debekatzen zituzten bi lege indargabetu ditu.

Errusian bertako Konstituzioa aldatu dute ezkontza "gizon eta emakume baten arteko bat-egitea" bezala definitzeko. Joan den 2020ko azaroan, Hungariako Gobernuak zuzenketa-proiektu bat aurkeztu zuen eta aurrera aterako balitz, sexu bereko bikoteek ezin izango lukete seme-alabarik adoptatu.  

Gainera, NBEko kide diren 42 estatuk, hots, kide guztien % 21ek, LGTBI edukiei dagokienez, adierazpen-askatasuna murrizten duten legeak dituzte indarrean. Eta hainbat teknikaren bidez egiten dute hori: "moralaren eta erlijioaren aurkako" delituak sartuz, komunikabideetan eta filmetan zentsura eginez edo "propaganda homosexuala" debekatuz.

Gainera, mundu osoko 52 herrialdetan LGTBI GKEei beren lana egitea ez ezik, erakunde juridiko gisa eratzea eragozten dieten murrizketa zehatzak dituzte.

Etorkizunera begira

Baina dena ez da beltz kolorekoa. ILGAk berak adierazi duenez, 2020an, pandemian eta pronostiko guztien aurka, aurrerapen positiboak izan dira. Azken txostenaren arabera, lesbianak, gayak eta bisexualak diskriminaziotik eta indarkeriatik babesten dituzten legediak haziz joan dira.

Adibidez, pasa den urteko uztailean, Sudanek sexu bereko pertsonen arteko adostutako sexu-harremanen kasuetarako heriotza zigorra indargabetu zuen.

Alemania 'konbertsio terapiak' debekatu dituen NBEko lau kideetako bat bilakatu da eta Australia, Kanada, Mexiko eta AEBetako hainbat estatutan eredu bera jarraitzen ari dira.

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartuta dago NBEko 28 herrialdetan. Costa Rica izan da zerrenda horretara gehitu den azken herrialdea eta bertan den Erdialdeko Amerikako lehen herrialdea bilakatu da. Txostenean jasotzen denez, laster zerrenda horretan bi herrialde gehiago izango dira. Izan ere, Monakok eta Montenegrok jada sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aldeko botoa eman dute. 

Era berean, hazi da diskriminazio LGTBIfobikoaren aurkako nolabaiteko babesa eta legeak dituzten herrialdeen kopurua. Ine honetan, guztira, 156 herrialde izango lirateke. Europako herrialde gehienetan, Angolan edo Bolivian delitu gisa tipifikatzen dira gorrotoa, indarkeria edo sexu-orientazioagatiko diskriminazioa bultzatzea.

2020ko abenduan, NBEko 81 estatu kidek sexu-orientazioagatiko laneko diskriminazioaren aurka babesteko legeak zituzten. Duela hogei urte, 2000. urtean, 15 estatuk bakarrik zituzten halako legeak. 

Eta beste herrialde batzuek diskriminazioaren aurkako tresna juridikoak gehitu dituzte, gutxienez, hiru eremutan (osasuna; hezkuntza; eta, etxebizitza eta ondasun edo zerbitzuen hornidura). 

Gainera, 2019an baino bi herrialde gehiagok, hamaika guztira, beren konstituzioan "sexu-orientazioa" terminoa jasotzen dute berdintasun-klausuletan. Horietako bat Hegoafrika da, horrelako neurria hartu duen kontinente horretako herrialde bakarra.

Europar Batasuneko LGTBI pertsonen % 42k adierazi du diskriminazioren bat pairatu izan duela azken hamabi hilabetetan

Bikotekidea eskutik heltzeko beldurra

Europa munduko eskualde berdinzaleenetako bat da, eta LGTBI pertsonei eskubide gehien aitortzen dizkienetako bat. Hala ere, LGTBI kolektiboak, oraindik ere, diskriminazio maila altuei egin behar die aurre. Hori da, hain zuen ere, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak  (EBOEA) egin duen makroinkesta baten emaitzek azaltzen dutena. Aipatu inkesta orain arte Europar Batasunean egin den inkestarik handiena da eta Erresuma Batua, Serbia eta Mazedoniako datuak ere biltzen ditu. Txostenean azaltzen denez, 2012. urtearekin alderatuta izan den garapena oso apala edo nulua da.

Emaitzek azaltzen dutenez, "benetako aurrerapausu gutxi izan dira eta horrek LGTBI pertsona asko zaurgarritasun egoeran uzten ditu" azpimarratu du EBOEAko zuzendari Michael O’Flahertyk.

Txostenaren arabera, homosexualen ikusgarritasuna handitu egin da. Horrela, gero eta gehiago dira homosexualak direla adierazten dutenak. Homosexualen % 47k erantzun du familia, lagun, bizilagun, lankide eta medikuaren aurrean, beti edo gehientan, den bezala azaltzen duela bere burua.

Estatuan 20.180 pertsonak hartu dute parte inkesta horretan eta kopuru hori % 53koa da, ikusgaitasun gehien duen seigarren herrialdea izanik. Bere orientazioa 'Inoiz' erakusten dutela erantzun dutenenen kopurua % 23koa da, 2012an baino hamar puntu gutxiago.

Norbera den bezala agertzeko beldurra

Lagin osotik, bikotekidea duten hamar pertsonetatik seik dio "beti" edo "sarritan" jendeaurrean sexu bereko norbaiti eskua heltzea saihesten duela, beldurragatik. Bestalde, heren batek dio "beti" edo "sarritan" zenbait leku edo gunetara joateari uzten diola.

"Erasotuak, jazarriak edo mehatxatuak" izateko beldurragatik beren burua den bezala agertzeari non uko egiten dioten galdetzen zaienean, Estatuko inkestatuen ia erdiak (% 47) "kalean edo beste espazio publiko batean" daudenean erantzun dute eta % 40 inguruk garraiobide publikoetan. Erantzun anitzeko galdera denez, % 32k jatetxe, kafetegi eta dantzalekuetan erantzun du eta % 27k lanpostuan. Familian edo etxean LGTBI gisa aurkezteko beldurra % 24k eta % 12k erantzun du, hurrenez hurren.

Lanpostuan den 'irekitasunaren' inguruan galdetzen denean, Europa osoko elkarrizketatuen gehiengoak, % 53k hain zuzen ere, modu selektiboan ikusgaia dela erantzun du eta % 21ek, berriz, oso ikusgaia. Espainian, adibidez, ikusgaitasun handia dutela erantzun duten horien kopurua % 30etik gorakoa da. Zentzu horretan, Espainia litzateke pertsona homosexualek lanpostuan diren bezalakoak direla agertzen direla gehien adierazten duten Europako bigarren herrialdea, soilik, Danimarkaren atzetik.

Homosexualek bizitzarekiko duten gogobetetze mailan ere Espainia sailkapenaren lehen postuetan azaltzen da. 0tik 10era bitarteko eskala batean, non 10 "oso pozik" adierazten duen, batez bestekoa 6,9 puntukoa da. Puntuazio horrekin, Espainia sailkapenaren zortzigarren postuan azaltzen da.

Diskriminazioa, indarkeria eta jazarpena

Inkestan diskriminazioaren, indarkeriaren eta jazarpenaren inguruan ere galdetzen da. Herrialdeen artean aldeak badira ere, oro har, ondorio nagusia da, oraindik ere, LGTBI pertsona askok jarraitzen dutela itzalean bizitzen, barregarri geratzeko, diskriminatuak izateko edo erasotuak izateko beldurrarekin. Errealitatean beldur horrek badu oinarria; izan ere, maiz gertatzen den zerbait da. Horrela, inkestatutako hamar pertsonetatik lauk adierazi du noizbait diskriminatuta sentitu dela lana edo etxebizitza bilatzean, lanean, medikuan, ikastetxean edo unibertsitatean, jatetxeren batean, denadaren batean, kafetegiren batean edo bere nortasun agiria erakustean. Estatu-mailan antzeko ehuneko bat erregistratu da. 

Lanari dagokionez, estatu mailan, LGTBI pertsonen % 20 diskriminatuta sentitu da azken urtean. Hala ere, Espainia da kasu horietan "lankideren bat laguntzeko edo babesteko beti izan dela" erantzun kopuru gehien jaso duen herrialdea (% 60). Kasu horretan, EBko batez besteko ehunekoa % 41ekoa da. 

Desparekotasunaren eta indarkeriaren eragina ez da berdina kolektibo osorako. Emaitzek argi uzten dute pertsona trans eta intersexualen egoera larriagoa dela. 

Adibide argigarri bat azken urtean eguneroko bizitzako hainbat arlotako diskriminazioari buruzko galderarekin gertatzen dena da: estatuko trans pertsonen % 63k dio diskriminazioa jasan duela, hots, gizon homosexualek (% 37)  baino 26 puntu gehiago. Pertsona intersexualen kasuan, kopuru hori % 61ekoa litzateke, eta jarraian emakume homosexualak azalduko lirateke (% 45). Azkenik, pertsona bisexualen % 38k diskriminatuta sentitu dela dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.