Hamar gaztek Artzain Eskolako diplomatura lortu dute

Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskolak euskal artzaintza sektorea gaztetzeko eta belaunaldi-erreleboa bermatzeko lan egiten du

Artzain Eskolak artzainen XXVI. prestakuntza-ikastaroaren amaiera ospatu du, aurten ikasketak amaitu dituzten 10 ikasleei diplomak eta makilak emanez. Arantzazuko eskola erreferente bihurtu da Estatu-mailan ardien eta ahuntzen arloko irakaskuntzan, berrikuntza pedagogikoan eta ingurumenarekiko arduratsuak diren produkzio-prozesuetan aplikatutako teknologietan oinarritutako hezkuntza-ereduari esker.

Hezkuntza-eredu horrek arrakasta handia izan du eta, horren bidez, 317 gazte trebatu dira beren ibilbidean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak HAZI bidez abian jarri duen Behizain Eskola sortu da, esnetarako behien jarduera suspertzeko eta kalitatezko irakaskuntza eskaintzeko.

Lehen sektorea

Artzain Eskola artzaintzari eta lehen sektoreari buruzko hausnarketarako gune bat da, eta hezkuntza-eredu bat eskaintzen du, prestakuntza enpirikoan oinarritua. Baserrian praktika etengabea egiten da, prozesu guztiak (animaliatik esnekiak saltzen diren arte) irakasten dira eta bizipen profesionalak, eraginkortasuna eta lankidetza ere transmititzen dira.

Azken urteotan, prestakuntza-eskaintza handitu egin da eta, hortaz, une honetan, bederatzi hilabeteko prestakuntzara eskaintzen da. Aldi berean, moduluak ere gehitu dira behar berriei erantzuteko eta digitalizazioa, ekoizpen ekologikoa edo terapia alternatiboak bezalako gaietan gailurrean egoteko.

Ikasleen profila

Ekitaldian diplomak eta makilak entregatu dizkiete aurten Artzain Eskolan prestakuntza-zikloa osatu duten 10 ikasleei. Ikasle horien jatorriari dagokionez, gehienak (8) gipuzkoarrak direla azpimarratu behar da. Horiekin batera arabar bat eta lapurtar bat izan dira. Mutilak ere nagusi izan dira amaitu berri den promozioan; zortzi gizon gaztek eta bi emakume gaztek lortu dute diploma.

Merkatuak eskatzen duen lurraldeari lotutako kalitate handiko elikagaien eskaera gero eta handiagoa asetzeko eskuratu duten ezagutza eskainiko dute.

Aipatzekoa da gaur egun diplomak jaso dituzten 7 pertsona 30 urtetik beherakoak direla eta horietako 4k oraindik ez dituztela 20 urte bete. Zifra horiek erakusten dute, aurten ere, Arantzazuko eskolak zeregin garrantzitsua betetzen duela euskal ardi- eta ahuntz-sektorea gaztetzeko eta belaunaldi-aldaketa bermatzeko, duela 26 urte zentroa abian jartzeko arrazoi nagusietako bat. Ikasle horietako 7k, gainera, artalde propioa dute.