Erosketak egiteko gure kreditu-txartela erabiltzen dugunean, segur aski, buruan izango ditugun zenbaki bakarrak ordaindu beharreko prezioa eta kontu korrontean geratzen zaigun saldoa izango dira. Hala ere, gure txartelak beste zenbaki sekretu bat gordetzen du: ‘urrezko zenbakia’ izenarekin ezagutzen den proportzio matematiko zaharra, hain zuzen ere.
Urrezko zenbakia, urrezko proportzioa, zerutar zenbakia edo jainkozko proportzioa izenekin ere ezaguna, hainbat mendez artistak, arkitektoak eta zientzialariak liluratu dituen zenbaki irrazionala da. Zenbaki irrazionala denez, ezinezkoa da hamartar guztiak ezagutzea, baina bere balioa 1.6180339887 ingurukoa da. Urrezko zenbakia φ (fi) greziar letrarekin adierazi ohi da.
Urrezko zenbakia bere edertasunagatik ezaguna den proportzioa da. Pertsona gehienoi bistan atseginak egiten zaizkigu proportzio hori dituzten forma geometrikoak eta, horregatik, hainbat mendez, artista eta arkitekto gehienek proportzio hori jarraitu dute haien sormen lanetan. Izan ere, urrezko zenbakia edertasunaren errepresentazio matematikotzat jotzen da.
Zenbaki edo proportzio hori nonahi ikus daiteke naturan: zuhaitzetako hostoak edo pinuen pinaburuak proportzio horretan hazten dira. Gauza bera esan daiteke ekilore edo arrosen inguruan. Itsasoko zenbait maskor ere, hala nola nautiloak, urrezko zenbakian oinarritua hazten dira, urrezko espiralaren patroi edo eredu bat jarraituz.
Kreditu-txartelen diseinua, beste hainbat agirien kasuan bezala (NAN, liburutegiko txartelak, etab.) urrezko zenbakian oinarritzen da. Txartelaren tamainan ez ezik, urrezko zenbakia kreditu-txartelen beste hainbat alderditan ere ‘ikus’ daiteke. Tamainari dagokionez, txartelaren luzera zabalerarekin zatitzen badugu, urrezko zenbakira asko hurbiltzen den erlazioa lortuko dugu. Proportzio hori atsegina egiten zaigu eta txartelaren estetikari mesede egiten dio.
Txarteletan erliebez azaltzen diren zenbakietan ere urrezko zenbakia agertzen zaigu. Zenbaki horien tamaina eta horien artean den tartea ere urrezko proportzioan oinarritzen dira.