Jarrai dezagun gazteen alde lan egiten

Ni Iratxe Uriarte Eiguren naiz, 23 urteko getxotarra. Martxoaren 25ean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 43. Batzar orokorrean Maialen Olabek presidentetzaren lekukoa pasa zidan. Batzar orokorra EGK-ko parte diren entitate desberdinek osatu zuten, alegia, nire hautagaitza Bizkaiko Gaztetxoen koordinakundeak luzatu zuen.

Presidentetzaren aldaketarekin batera Batzar Iraunkorrean ere aldaketak egon ziren, horiek kontseiluko parte diren elkarteetatik aukeratuak izan ziren. Beraz, talde teknikoarekin batera duela 37 urte gazteen eskubideen alde egiteko proiektuari jarraipena emango diogu.

Egun, gazteria kolektibo zaurgarrienetarikoa izanik, EGKren erantzukizuna da gazteen bizi-kalitatea eta bizitza proiektu duinak ahalbidetzea. Horretarako Batzar Orokorrean aurkeztutako plangintza aurrera eramango dugu aurten.

EGK

EGKren bereizgarritasunik handiena da 60 entitatez osatuta dagoela eta eguneroko bizitzan horien behar, iritzi eta interesek premia daukatela, horretarako, aurretik aipatutako batzar iraunkorraren lana beharrezkoa da.

Gazteriaren partaidetza aktiboa sustatzea Kontseiluak duen erronkarik handiena dela esango nuke eta, horretarako, Partaidetza Planarekin aurrera jarraituko da. Egungo testuinguru sozioekonomikoa aintzat hartuta, eta gazteriak parte hartzeko mekanismo eta dinamika berriei atea irekitzeko helburuarekin.

Aurten, gazteria legeak eta emantzipazio estrategiak ekarriko dituzten formulazio berrietan oinarrituko dugu gure lana. Hezkuntza arloan, berriz, Astialdiko Lehen Euskal Estrategia martxan jarriko da. Estrategia horren jarduera nagusia astialdian dauden sare eta beste eragile batzuen bitartez taldeak eraldatzeko prozesuan laguntzea da. Horretarako, taldeei laguntzeko sistema diseinatuko eta zabalduko da, lehen mailako sareetatik abiatuta, Astialdi Sarearekin koordinatuta.

EGK-ko Enpleguko lan-arlotik, gazteen lan merkatuko errealitatea aztertzen eta bizitza duin eta autonomoen alde egiten jarraituko da, eta nola ez, gazte guztien kalitatezko enplegua aldarrikatzen ere.

Aipatzekoa da, EGKren lan-arlo bakoitzean egiten den lanaz eta proiektuez gain, Kontseiluaren eguneroko funtzionamendua bermatzeko bestelako ekintzak ere egin behar direla. Horren barruan sar daitezke ondorengo ekintzak, horiek gabe EGKren egunerokotasuna kolokan gelditu daiteke: bilerak, protokoloen aktibazioa, aholkularitza eta bulegoko kudeaketa lanak…

Hau guztia azalduta, presidente berri gisa nire helburu nagusia EGK-k euskal gazteriarekin daukan konpromiso zintzoa bermatzea izango da, horien eskubideak eta beharra abiapuntu gisa jarriz.