Sexuak ia dena sendatzen du

Lohizune Loroñoren eskutik sexuak nola lagun dezakeen zure ongizate fisikoa, emozionala eta mentala hobetzen aztertu dugu.

“Buruko minez nago, ez dut orain sexu-harremanik izan nahi”. Baliteke hori izatea emakumeek beren bikotekidearekin harremanik ez izateko gehien erabiltzen duten aitzakia. Baina kontuz! Zure ustez arazoa izan daitekeen hori zure gaitzen konponbidea izan daitekeelako.

Kasu gehienetan, gizakiok sexu-harremanak izaten ditugu horiek eragiten diguten plazeragatik eta ugaltzeko. Hala ere, eta seguruenik ez gara horren jakitun, azterlan ezberdinek agerian utzi dutenez, sexua gure osasuna hobetzeko modu ezin hobea omen da.

Sexu-harremanetan gure organismoak serotonina, dopamina eta oxitozina bezalako hormonak askatzen ditu. Azken horrek, amodioaren hormona izenarekin ere ezaguna, bikotearekiko lotura afektiboak sendotzen laguntzen du eta konfiantza eta segurtasun sentsazioa ematen digu. Dopaminarekin eta serotoninarekin batera, gainera, zoriontasun eta ongizate sentsazioa lortzen laguntzen digu. Horregatik, esnatzerakoan sexu-harremanak izatea eguna hasteko modu ezin hobea izaten da.

Analgesikoa

Sexu-harremanetan gure gorputzak askatzen dituen hormona horiek, gainera, analgesiko natural gisa ere funtzionatzen dute. Harreman sexualek ematen diguten plazerak buruko mina edo giharretako mina bezalako ondoezak arintzen laguntzen du, askatutako endorfinak ondoeza edo mina arintzeko gaitasuna duelako.

Bestalde, sexu-harremanekin estresa ere arintzen da, orgasmoaren ostean gorputza eta burua guztiz erlaxatuta geratzen direlako. Beraz, sexu-harreman osasuntsuek larritasuna arintzen dute, egoera mental positiboa sustatzen dute eta antsietatea eta depresioa murrizten duen zoriontasun sentsazioa lortzen laguntzen dute.

Gure aldartean eta osasun mentalean eragin positiboa izateaz gain, ikerketa ezberdinek agerian utzi dutenez, sexu-harremanek gaixotasun kardiobaskularren arriskua murrizten laguntzen dute. Izan ere, kirola egiten denean bezala, sexu-harremanetan ere bihotzeko giharrak indartzen dira eta horrek bihotzekoa izateko arriskua murrizten du. Era berean, sexu-harremanetan, kitzikapenaren ondorioz, odol-fluxuaren erritmoa oso modu azkarrean handitzen da eta horrek garunaren oxigenazioan laguntzen du. Horrek garunaren funtzionamenduari mesede egiten dio.

Beraz, sexu-harreman osasuntsuak mantentzeak, erregularki, onura asko ematen dizkio gure osasun mentalari eta fisikoari. Azken finean, idatzi honen izenburuan azaldu dudan moduan, sexuak ia dena sendatzen du.