Justizia ekosozialaren alde sentitu, pentsatu eta ekin

Erabilgarritasuna, aberastasuna edo botere ekonomikoaren bilatzean oinarritzen den harremanetatik konpromisoa, maitasuna eta ekitatea ardatz izango dituzten harremanetara pasa nahi dugu

Inoiz gustatu al zaizu zuhaitzetara igotzea? Oraindik igotzen al zara? Eta zure inguruko txikiak zuhaitzetara igotzera animatuko al zenituzke?

Galdera hauekin hasten da “Ez gara jaitsiko!” album ilustratua eta abestiak lantzeko prestatu dugun material pedagogiko-didaktikoa, “Amazonia gara” kanpaina txikienei gerturatzeko helburua duena, baina helduentzat ere pentsatu duguna, helduak baikara proposamen pedagogiko horren eta haurren arteko bitartekari. Molde berean aritzen da baita ere aisialdi taldeekin eta aisialdi taldeentzat burutu dugun proposamena: Gizarte eta ingurumen arloko justizia lantzeko ibilbidea. Bost faseko prestakuntza ibilbide horretan, parte-hartzaileek dakitena, sentitzen dutena eta egiten dutena jarriko dute jokoan eta jakintza, sentimendu eta egiteko modu berriei bidea irekiko diete. Ipuin, istorio, jolas eta abestiak bitarteko ditugula, datu zientifikoei muzin egin gabe, errealitateari begiratuko diogu, baina guk geuk ingurumen eta pertsonekin dugun harremanetatik hasita. 

Amazonia

Eraldatu nahi badugu, garrantzitsua da norberaren buruari eta errealitateari zintzotasunez heltzea eta ikuspegi teoriko urrun edota idealizatuetatik harago joatea. Horregatik, txiki zein handiei, Amazoniarako bidaia gertuko inguru eta naturarekin dugun harremanetik hastea proposatzen dizuegu. Abiapuntua hori da, eta proposatu nahi dugun norabidea ere argi daukagu: Iratitik Amazoniara bizitzaren zaintza barreiatu, hau da, natura eta pertsonen zaintza, gertukoenetatik hasita, urruti daudenak ahaztu gabe. Kontzeptu akademikoagoak esatearren: ekodependente eta interdependente garela aitortu, eta elkarrekin ikuspegi horiek ardatz dituen etika eta politika sustatu nahi dugu. 

Naturarekiko harremana

Irakasle zein ikasleongan familia, giro, bizileku, aurreko esperientzia eta beste hainbat elementuk naturarekin dugun harremanean eragin handia dute eta, zalantzarik gabe, gure gizarte eta kulturak ere bai. Gizarte moderno eta mendebaldarrak gizaki eta naturaren artean banaketa ezarri du: batetik gizartea dago, zibilizazioa; eta bestetik natura, espazio arriskutsu eta basati bezala ikusten dena. Ikuspegi horren arabera gizakiok natura kontrolatu behar dugu eta gure zerbitzura jarri. Sistema ekonomiko kapitalista ere badugunez, natura ondasun ekonomiko eta merkantzia gisa hartzen dugu eta baliabide naturalak modu masiboan erauzi eta ustiatzen ditugu, gaur egun hain ageriak diren hainbat arazo sortuz, hala nola kutsadura, hainbat eskualdeen suntsiketa, eta larrialdi klimatikoa besteak beste. Mende gutxitan, gure planetaren muga ekologikoetara iristera eraman gaitu ikuspegi horrek.

Amazoniako eta beste hainbat eskualdetako herri indigenek, bestalde, oso harreman desberdina dute naturarekin. Haien gorputzak eta bizitza bera naturarekiko mendekoak direla ulertzen dute, eta ondorioz naturaren aliatu bezala jokatzen saiatzen dira. Milaka urteko harreman horretan oreka mantendu da eta iraunkortasuna bermatu da. Horri deitzen diogu ekodependentzia: gizakiok naturarekiko dugun beharraren aitortza, naturaren baldintza eta mugen menpe gaudelako kontzientzia. Naturaren parte gara eta natura behar dugu, eta sortzen ditugun kalteek ere naturarengan eta guregan eragina izango dute. 

Emakumeak

Gure gizarteak menderatze, zapalkuntza eta esplotazio printzipio horiek ez dizkio naturari bakarrik aplikatzen: hainbat pertsona eta herriekin ezartzen dituen harremanak ere horietan oinarritzen dira eta historikoki emakumeei eman zaien tratuarekin ere bat datoz. Ez da kasualitatea aipatu dugun bigarren kontzeptua, interdependentzia, feminismoetatik jaso izana. Interdependenteak gara, gainerako pertsonak behar baititugu bizirauteko. Zaintzarik gabe ez genuke aurrera egingo, bereziki bizitzako une zaurgarrietan, hala nola haurtzaroan, gaixotasunean eta zahartzaroan, baina ez bakarrik: egunero dugu beharrezkoa beste pertsonekin hartu-emana. Interdependentzia kontzeptuak ere bizitza batzuk beste batzuen gainetik daudelako paradigma hausten saiatzen da. 

Erabilgarritasuna, aberastasuna edo botere ekonomikoaren bilatzean oinarritzen den harremanetatik konpromisoa, maitasuna eta ekitatea ardatz izango dituzten harremanetara pasa nahi dugu, natura zein pertsonekin. Katxiporretarekin batera prestatu dugun “Ez gara jaitsiko!” materialak bide hori egiten hastera gonbidatzen gaitu, Iratitik Amazoniara eta bueltan. Gazte eta aisialdi taldeei zuzendutako proposamenak ere bidaian eramango gaitu, kasu honetan Anbototik Peruko Baguako Wanpien lurraldera, gure Mariren eskutik Nugkui, Itsa eta Tsuqki jainkosen eremuetara. Ama Lurrak izen ugari hartzen baititu munduan, gizakiok ere hizkuntza anitz ditugun moduan, elkarrekin partekatzen dugun Lur planeta honetan. Aniztasun horretatik abiatuz elkarrekin bat egitera deitzen zaituztegu, Euskal Herriko txiki, gazte, heldu: gure etxe alboko zuhaitzak begiztatu eta, beraiengandik hasita zuhaitzez zuhaitz, herriz herri, lagunez lagun, elkarrekin natura eta pertsonen alde sentitu, pentsatu eta ekinez. 

Informazio gehiagorako, jo hona: https://www.somos-amazonia.org/eus/