Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko elkarteek 2016ko ekaineko arratsalde bero batean aukeratu ninduten EGK ordezkatzeko. 23 urte nituela abentura honetan murgildu nintzen zer suposatuko zuen jakin gabe. EGK ezagutzen nuen, noski; izan ere, aurkeztu aurretik zenbait ekintza zein batzarretan parte hartzeko aukera izan nuen, baina gaur egun argi daukat ez dela gauza bera parte hartzea edo horren lema gidatzea.
Gazterian hainbat dira lantzeko eta kudeatzeko egon diren eta egun dauden gaiak. Gazte izateak ez gaitu gizartetik aldentzen eta horrek eskatzen du eguneratuta egon behar dugula. Aldi berean, oso zaila da gai guztiei heltzea ditugun baliabideekin eta, ondorioz, kontseiluan lan arlo ezberdinak sortu ditugu, ahal den heinean, gaiak kudeatzeko eta behar den emaitza lortzeko.
Egungo errealitatea dela medio, urte hauetan gehien landutako gaiak gazteon emantzipazioarekin harremana dutenak izan dira. Hori dela eta, 2019an lortu zen bizi-baldintzak lan arloa bitan banatzea eta gaiak beharrezkoa zuten arreta jasotzea. Etxebizitza arloan adibidez, neurri zein eredu berrien hausnarketa asko sustatu eta landu dira eta horrek lortu du EGKren diskurtsoa asko garatzea eta hainbat espaziotan beharrezko ekarpenak luzatzea eta jasotzea. Berdina gertatu da enplegu arloarekin. Izan ere, bi gai hauek eragin zuzena dute gazteon bizitza proiektua sortzerako orduan eta, egia esanda, egun bizitza proiektu duin bat garatzea ez da erraza.
Gazteria Legea
Hau horrela, urteak egon gara EGK moduan Gazteria Lege baten atzetik gazteriaren emantzipazioa zein beste hainbat gai landu eta babesteko. EGK-k hiru Gazteria Legeren prozesuetan parte hartu du eta ezinbestekoa zen EAEn babesa eskaintzen duen Gazteria Lege bat egotea. Kasu honetan, lan izugarria egin zen Batzorde Iraunkorretik, eta bereziki, lan talde teknikotik 3. proposamenari ekarpenak egiteko eta beharrezkoa zen intzidentzia politikoa sustatzeko. Zorionez, 2022ko martxoan Euskal Gazteria Legea onartu zen eta esan dezakegu lorpen handi baten parte izan ginela.
Legea zein beste gai askoren inguruko diskurtsoak, proposamenak … partaidetza kanal ezberdinen bitartez kudeatzen dugu. Askotan azaldu dudan bezala, EGK legez gazteria ordezkatzen duen organoa da eta hainbat elkartek osatzen dugu. Lan handia egiten da proiektuen bitartez gazteriaren egoera hobetzeko eta honek gizartean eragina izan dezan. Horregatik, esango nuke EGK gizarterako eta bereziki gazteontzako altxor bat dela, zaindu eta babestu behar dugun altxorra.
Parte-hartzea
Azken urteetan partaidetza ereduak asko aldatzen ari direla ikusi dugu, eredu tradizionalek ez dutela edozeinentzako balio eta elkartegintza ere aldatzen eta moldatzen dagoela. EGK horretan aritu da eta espero dut bidea hortik egiten jarraitzea, azken finean egokitzeak onurak ekartzen jarraituko du.
Urte hauen ostean ere, argi dut Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ez lukeela zutunik jarraituko gazteen partaidetzagatik izango ez balitz, baina bereziki barnean duen lan talde teknikoarengatik. Bide honetan, elkarteak ezinbestekoak gara; gazteak mugitzen ditugu eta lan handia egiten da, baina aldi berean, egunerokoak askotan ito egiten gaitu eta zaila egiten da egunerokotik haratago ikustea eta hor sartzen da EGK-ko teknikarien lanaren beharra.
Alde batetik, elkarteen zaintza bideratzen da eta elkarteak bizirik eta ondo jarraitzeko teknikariak behar ditugu ondoan aholkularitzan, gai berriak hurbiltzen… Bestetik, elkarte asko gara, oso ezberdinak eta diskurtso ezberdinekin ere. Espazio horiek kudeatzea eta komuneko puntuak zein proposamenak kudeatzeko gaitasuna izugarria izan da beti alor teknikotik. Beraz, EGK-k elkarteak eta lantalde teknikoari esker jarraitzen du altxorra izaten.
Horregatik testu honen bitartez, eskerrak eman nahi dizkiet ondoan egon diren elkarte, eragile eta teknikari guztiei. Bide luzea izan da, oztopo askorekin, baina asko ikasi dudala esan dezaket, hazi eta hezi naizela EGKn eta inoiz ez dudala esperientzia hau ahaztuko. Asko izan dira lortutako erronkak eta asko daude oraindik egiteke, horregatik hegan egiteko unea heldu da, erreleboa egiteko unea da beste gazte batzuk sartzeko eta udaberriarekin batera haize berria ekar dezaten.