Gazteok egina gazteontzako

“Gazteok egina gazteontzako” izan da 35 urtez Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak erabili izan duen leloa. EGK 1986. urtean sortu zen Eusko Legebiltzarrak garatutako legearen bitartez eta 35 urteren bueltan hemen jarraitzen dugu, tipi-tapa egunero-egunero bidea egiten.

EGK-ren lehenengo pausuak Kontzientzia Eragozpenari lotuta egon ziren. Honekin batera asko izan ziren landutako gaiak. Gaur egungo lan arloetara begiratuz ikusi dezakegu kezkak 35 urtetan ez direla asko aldatu gaiei dagokionez. Hasiera batean, enplegua, astialdia, berdintasuna lantzen ziren besteak beste. Oraindik orain ere, jarraitzen dugu gai horietan bidea egiten, baina berriak gehitzen ere joan dira: etxebizitza, partaidetza, komunikazioa

Kezka nagusien artean, enplegua aipatu dugu. Egun, gazteok pairatzen dugun prekaritatea nabaria da eta, horregatik, kalitatezko enpleguen aldeko apustua aldarrikatzen dugu. Izan ere, enpleguak dakarren prekaritateak zuzeneko eragina du bizitza proiektuan eta, beraz, gaur egun bizitza proiektu prekarioak ditugu. Emantzipazioari edo etxebizitzaren arazoari dagokionez, 30 urtetan dago batez besteko emantzipatze adina; beraz, kontuan izanda 30 urterekin EGK-ko jardunaren arabera gazteak izateari uzten diogula, zein gazte emantzipatzen da? Batez ere, kontuan izanda gazteon emantzipatze nahia 25 urtetan dagoela. Hau horrela, EGKn uste dugu parke publikoa handitzea eta alokairu soziala eskaintzea beharrezkoa dela egoera hobetzeko. Bizitza proiektuari eragiten dieten bi ildo nagusi aipatu ditut baina ezinbestekoa da ere beste ikuspegi batzuk txertatzea bide honetan, berdintasun ikuspegia besteak beste gaiak zeharkakotasunetik lantzeari begira.

Etorkizunera begira

Hainbat dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan lantzen ditugun gaiak eta luzatzen ditugun proposamenak, eta hemen dator kontseilu moduan dugun erronka eta ardurarik garrantzitsuena: partaidetza.

Lantzen diren proposamen, eskaera, aldarrikapen eta bestelako guztiak partaidetzaren bidez hausnartzen eta jorratzen dira. Berez, EGK 60 gazte elkartez osatua dago eta horien gazteak gara parte hartzen dugunak, baina hau ez da parte hartzeko modu bakarra. Norbanako bezala ere parte hartzeko aukera eskaintzen dugu eta indibidualki ekarpenak egiteak ere emaitzak ematen ditu EGKren baitan. Edozein gaztek, gai baten inguruko interesa adierazten badu, aukera izango du lantalde zein ekimen ezberdinetan parte hartzeko.

Partaidetza sustatzea, garatzea eta urteetan zehar eman diren aldaketetara egokitzea da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak duen erronkarik zailena eta, aldi berean, politena. Urteak pasa ahala, gazteak aldatzen joan gara eta partaidetza ereduak ere. Orain beste hainbat kanpo-estimulu jasotzen ditugu, sareak, komunikabideak, plataforma berriak… finean, digitalizazio prozesu batean murgilduta gaude bete betean eta horren baitan ere gazteok badugu zer esan. Eta eredu berri hauekin kontseilua egunero berritu behar dugu egungo errealitatera behar bezala egokitzeko.

35 urte izan dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak partaidetza sustatzen ibili dela. Egiteko era lantaldeen bidez izaten da baina aldi berean arloka ere hainbat ekimen egiten dira metodologia ezberdinekin. Metodologia berri hauen helburua, parte hartzaileentzako erakargarriagoa izatea da eta gertuagoko partaidetza sustatzea. Adibide gisa dugu Giza liburutegien metodologia. Kasu honetan, gonbidatu ezberdinak entzuteko aukera dago baina oholtzaren gainean izan beharrean talde txikietan egiten da. Era honetara, gonbidatuarekin elkarri eragiteko aukera dago, modu zuzenagoan parte hartuz. 

Kontseilu baten partaidetza, aldarrikapenak proposamenak erabakitze espazioetara helaraztea eta behar bezala sustatzea ez da lan makala eta horretarako, ezinbestekoa da bidean lanerako prest dagoen lantalde kohesiodun bat izatea. Horregatik, bukatzeko, lerroa hauek aprobetxatu nahiko nituzke urteetan zehar EGKri babesa eman dioten eta beronen funtzioetan sinetsi duten elkarte eta norbanako guztiei. Haiek egin dute posible gaur gauden lekuan egotea.  

Lantalde teknikoan 35 urte hauetan lanean egon diren pertsona guztiei esker bereziak egindako lana eta jarritako gogoagatik. Baita ere, elkarteetako kide guzti-guztiei parte-hartzaile bezala egon direnei zein Batzorde Iraunkor zein Presidentzietan egon diren guztiei. Ez da lan makala izan, eta horregatik, zorionak 35 urtetan egindako lanagatik.

Beste honenbestez, elkar zaintzen jarrai dezagun. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.