Iruñeko Gaztediaren Etxeko aholkularitza juridikoetan praktikak egiten ari diren ikasleek “Alokairuzko binetak” izeneko erakusketa bitxia antolatu dute. Ekimena, nagusiki, gazteei zuzenduta dago, eta Francisco Ibañezen “13, Rue del Percebe” komikia eta etxebizitzaren alokairuarekin lotutako legezko alderdiei eta oinarrizko kontzeptuei buruzko azalpenak uztartzen ditu. Erakusketa Gaztediaren Etxeko kafetegian bisitatu daiteke, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.
Erakusketa honen bidez, Iruñeko Udalak helburu bikoitza bilatzen du. Alde batetik, aholkularitza juridikoetan praktikak egiten ari diren ikasleek erabiltzaileek sarritan kontsultatzen duten gai batean sakontzeko aukera izan dute. Bestetik, gazteei beren eskubideak modu erraz eta dibertigarrian ezagutzeko aukera eskaintzen zaie, haien autonomiari laguntzeko.
Erakusketa honek aukera ematen du gazteak Francisco Ibañez komiki katalanaren jeinuaren ondarera hurbiltzeko, haren lana oso aintzatetsia eta estimatua baita.
Emantzipazioa
Etxebizitza alokairuan hartzea emantzipatu nahi duten gazteen arazo handienetako bat da. Iruñea, gainera, ikasle asko alokairuko etxebizitzetan bizi diren unibertsitate-hiria da. Horren ondorioz, Gaztediaren Etxeko aholkularitza juridikoan gai horren inguruan jasotzen diren kontsultak areagotu egiten dira urtero, eta jasotako kontsulta guztien % 30 gainditzen dute gaur egun.
Erakusketak tamaina handiko 12 bineta ditu, luma-kartoian erreproduzituak, eta horietan, Ibañezen pertsonaien bidez, alokairuarekin lotutako oinarrizko hainbat gai eta kontzeptu azaltzen dira. Praktiketako ikasleek oinarrizko bi zeregin egin dituzte aldi berean: komikiak berrikustea, alokairua irudikatzeko eduki egokiak bilatuz, eta negozio horri buruz ezagutu behar diren kontzeptu garrantzitsuak identifikatzea. Gero, Hipoteka Zuzenbidearen berezko eraikuntza juridikoak hizkera komunera eraman dituzte, ahalik eta ulermen handiena lortzeko.
Hala, zer da alokairua, zeintzuk dira horrelako kontratu batean parte-hartzen duten aldeak, gela bat alokatzearen inguruko zalantzak, sasoiko etxebizitza, kontratuen erregistroa, alokairua sustatzeko dauden laguntzak edo ‘okupazioa’ zer den bezalako gaika jorratzen dira erakusketa osatzen duten irudietan.
Ana Belén Albero Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Juridikoko arduradunaren zuzendaritzapean, Esther Aranaz Soria, José María Combarro Pérez, Carolina de Haro Martínez, Silvia Lillo Muro, Patricia López Calzado, Mercedes López de la Peña De Pablo, Leyre Marañón López, Marcos Pastor Soto, Steven Qian Ye eta Lucía San Segundo Santafé ikasleak arduratu dira dibulgazio-erakusketa honetaz.
Eduki hori programatu ahal izateko, ikasleek harremanetan jarri behar izan dute Ibáñezen komikien eskubideen jabe den Penguin Random House Grupo Editorialekin. Bartzelonan kokatutako argitaletxeak aldi baterako eta doako erabilera bat utzi die gazteei hezkuntza-jarduera bat garatzeko erabili behar dutelako