Nafarroako gazte informazioko berriemaileen lehen topaketa

Korrespontsalek informazioa bildu eta sortzen dute eta, ondoren, erreferentziazko gazte-informazioko bulego eta guneetara eramaten dute.

Hogei bat gaztek parte hartu dute Lekarozko Gazte Aterpetxean izan den Gazte Korrespontsalen I. Nafarroako Topaketan. Ekimen hori Nafarroako Gazteriaren Institutuak (INJ/NGI) antolatu du, eta Nafarroako hainbat udalerritako korrespontsal gazteak biltzea izan du helburu, haien arteko komunikazio-sarea indartzeko eta, horrela, haien tokiko komunitateetan parte-hartze aktiboa sustatzeko.

Korrespontsal gazteek, dagoeneko ehun baino gehiago Nafarroan, informazioa bildu eta sortzen dute; horrez gain, beren adineko beste pertsona batzuen informazio-eskaerak jasotzen dituzte, eta, ondoren, erreferentziazko gazte-informazioko bulego eta guneetara eramaten dituzte.

Lezkarozko topaketan hainbat talde-dinamika, komunikazio- eta truke-mekanismoei buruzko eztabaidak eta gaitasun digitalei, zibersegurtasunari eta sare sozialen erabilera seguruari buruzko prestakuntza-saioak izan dira. Gainera, hainbat gai jorratu dira, hala nola arrisku digitalen identifikazioa eta arrisku horiek detektatzeko estrategiak, bai eta fake news delakoen hedapena eta horiei aurre egiteko neurriak ere.

Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Institutuak toki entitateetako gazte informazio zerbitzuei zuzendutako laguntza deialdia iragarri du. 213.100 euroko aurrekontuarekin, dirulaguntza horien helburua da gazte-informazioko guneetarako langileak kontratatzen eta ekipamendua erosten laguntzea. Laguntza horietarako eskabideak telematikoki eskuragarri egonen dira ekainaren 13ra arte, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren bidez.