Lehen Aukera programak gazteen enplegagarritasuna hobetzen du

Pasa den urtean 525 gaztek beren lehen lan aukera lortu zuten Lanbideren programa horri esker. Aurtengo edizioan izena emateko epea jada zabalik da

Iseak Fundazioak egin duen azterlan baten arabera, Lanbidek sustatzen duen Lehen Aukera programak lan esperientziarik ez duten gazteen enplegagarritasuna eta kontratuen iraupena hobetzen ditu.

Lehen Aukera 30 urtetik beherako eta lan esperientziarik ez duten gazteak kontratatzeko zuzeneko laguntzak eskaintzen dituen programa bat da. Programaren xedea da gazte horien guztien enplegagarritasuna hobetzea lan esperientzia lortzeko aukera eskainiz.

Programak enpresa pribatuetan kontratazioa sustatzea du helburu, bai kontratu mugagabeen bidez bai praktiken bidez. Kontratatuak diren gazteek ezin izango dute beste langile bat ordezkatu, hots, enpresak plantilla handitu beharko du.

Enplegagarritasuna

Iseak Fundazioak egin duen azterlanak ondorioztatzen duenez, Lehen Aukera programan parte hartu duten gazteek, programa amaitu eta urtebeteko epearen barruan, programan izan ez diren  gazteek baino aukera nabarmen handiagoak dituzte lan merkatuan sartzeko (% 42ko aldea urtebetera). Gainera, programan parte hartu duten gazteek, batez beste, langabezian eman behar izaten duten denbora erdira murrizten da eta hurrengo urtean lan egindako egunen kopurua % 26-29 altuagoa da.

Azterlanaren arabera, gainera, programan parte hartu duten gazteek kalitate handiagoa duten enpleguak lortzen dituzte, besteak beste, egonkortasun handiagoa lortzen dutelako. Horrela, batez beste, kontratu gutxiago sinatu behar izaten dituzte (1,29 eta 1,63 hurrenez hurren). Kontratu mugagabeen kopurua ere altuagoa da programan parte hartu duten horien artean (% 16 eta % 9 hurrenez hurren).

Iaz, 525 gaztek parte hartu zuten programan (guztira, lau milioi euroko dirulaguntzarekin). Aurten, deialdia aurreratu egin da. Gainera, Europako Funtsetatik lortutako beste 7,5 milioi eurori esker, gazteei administrazio publikoan lehen esperientzia profesionala eskainiko dien beste deialdi bat ere ireki da.