© Mondragon Unibertsitatea

Oso iritzi aldakorreko gizartean bizi gara. Duela zenbait hamarkada pentsatzen zen ikasle azkarrak unibertsitatera joaten zirela eta hain azkarrak ez zirenak, aldiz, lanbide heziketara. Ondoren, hautemate hori aldatu zen eta guztiz kontrakoa pentsatzera pasatu ginen: benetan baliagarria zena lanbide heziketara joatea zen; unibertsitatea, bereziki, unibertsitate publikoa, langabetuen fabrika bat zen eta goi-mailako titulu batek ez zuen egindako esfortzuarekin bat zetorren enplegu bat bermatzen. Janari lasterreko jatetxe batean zerbitzari bezala lan egiteko ez zuen unibertsitatera joateak eskatzen duen esfortzua eta inbertsioa egitea merezi.

Ideia horrek indarra hartu zuen azken urteetan jasan dugun krisi ekonomikoa zela eta. Urte horietan, langabezian ziren tituludunen kopuruak gora egin zuen eta, langabezian ez ziren horiek denbora gehiago ematen zuten euren ikasketa-mailarekin bat zetorren lanpostu bat aurkitzen. Gainera, hainbat kasutan, enplegu horiek prekarioak edo aldi baterakoak ziren; hots, ez zituzten tituludun batek izan ditzakeen itxaropenak betetzen. Gauzak horrela, azken urteetan,  unibertsitate ikasketen irudiak okerrera egin du eta, alderantziz, goi-mailako heziketa-zikloena hazi da. Azken horiekiko interesa gero eta handiagoa da. 

Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, une honetan, gazteek unibertsitate-gradu edo Lanbide Heziketako goi-mailako gradu baten artean aukeratu behar izango balute, % 40 inguruk heziketa-ziklo bat aukeratuko luke eta % 51k, ostera, unibertsitatea. Eta goi-mailako ikasketak gazteek gustukoen duten aukera izaten jarraitzen badu ere, 2013. urtez geroztik Lanbide Heziketak gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Urte horretan, unibertsitatea aukeratuko luketen gazteen kopurua % 60 zen eta LH aukeratuko zuketenak, berriz, % 29.

Nolanahi ere, krisiaren amaierarekin, unibertsitate ikasketen irudiak onera egin du. Hori da, behintzat, Lanbidek euskal tituludunen lan-munduan txertatzearen inguruan egin dituen azken txostenek azaltzen dutena. Txosten horien arabera, euskal tituludunen enplegu-tasa % 85 ingurukoa da eta tituludun gehienek euren ikasketekin bat egiten duen lanposturen bat aurkitzen dute, hots, “berean” lan egiten dute.

Lanbidek, urteko inkesten bidez, UPV/EHUtik, Deustutik eta Mondragon Unibertsitatetik ateratzen diren 10.000 pertsona ingururen lan txertatzea aztertzen du. Titulua lortu eta hiru urtetara zein nolako egoeran diren aztertzen da; izan ere, denbora tarte horretan pertsona horiek euren ibilbide profesionala sektore edo lanbide zehatz batera bideratzeko denbora nahikoa izan dutela uste baita.

Hazi da unibertsitarioen enplegagarritasuna

Lanbidek argitaratu dituen azken datuak Euskal Unibertsitate Sistema (UPV/EHU, Deustu eta eta Mondragon) osotasunean aztertzen duen Estudio de Incorporación a la Vida Laboral en 2017 eta Estudio de incorporación a la vida laboral del alumnado egresado de la UPV/EHU de 2018 txostenetan oinarritzen dira. Kasu bietan, tituludunen enplegu-tasa hazten ari dela eta 2016. urtean larriagotu zen geldialdi joerarekin apurtzen dela konfirmatzen da. Urte horretan, langabezia-tasa hazi zen unibertsitate ikasleen artean nahiz eta euskal ekonomiaren suspertzearen lehen seinaleak agerikoak izan.

Urte honen hasieran ezagutzera eman den eta hiru unibertsitateak aintzat hartzen dituen 2017an Unibertsitateko lan-munduratzea inkestak azaltzen duenez, 2017ko abenduan 2014. urtean titulua lortu zuten ikasleen langabezia-tasa % 83,5ekoa izan zen. 

2014. urtean titulua lortu zuten ikasleei dagozkien datuek azaltzen dutenez, Mondragon Unibertsitateko tituludunen enplegagarritasun tasa % 86,9koa da eta Deustuko Unibertsitateko tituludunena, berriz, % 82,9koa.

Hil honetan bertan aurkeztu den beste inkesta bakarrik UPV/EHUko 2015. urteko promozioko tituludunen lan-munduratzea aztertzen du. Txosten horren arabera, tituludun horien % 85ek bere ikasketa mailari dagokion lanpostu bat lortu du titulua lortu eta hiru urteko epearen barruan. Era berean, lau ikasletatik hiruk euren ikasketetara erabat egokitzen den lanpostu bat aurkitu dute denbora epe berean. 

Txosten horren aurkezpen-ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez,  “zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago lana aurkitzeko eta, batez ere, okupazioen maila altuenetan sartzeko”. Ildo berean, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak honako hau azaldu du: “krisiaren unerik larrienetan ere eten egin ez den printzipio bat konfirmatzen da: formakuntza akademiko hobe batek itxaropen profesional zabalagorako, ardura handiagorako eta ordainsari hobe baterako aukerak handitzen ditu”.

Ikasketekin harreman handia duten lanpostuak

2014. urtean egresatutako ikasleen inguruko Lanbideren inkestak azaltzen duenez, hiru unibertsitateetako tituludunen % 85 zuzendaritza, unibertsitate-teknikari edo teknikari laguntzaile postuetan dago. Bestalde, % 77 euren ikasketetara erabat edo hein handi batean egokitzen den lanpostu batean dago. 

Tituludunen % 73k soldatako langile bati dagokion kontratu bat sinatu du. % 41ek lan-kontratu finkoa du eta % 59k, berriz, aldi baterako lan-kontratua. Aldi berean, inkestan parte hartu duten tituludunen % 21ek lanaldi murriztua du.

2014. urtean graduatu zirenen % 20,4k lana aurkitu zuen bere ingurune sozial eta familiarrari esker: lagunak, sare pertsonala eta profesionala; hautagaitza bidez lortu zutenen kopurua % 14,1; oposaketen eta lan-poltsa publikoen bidez, % 15,6; unibertsitatearen eta enpresetan egindako praktiken bidez, % 14,3; Internet bidez, % 17,9 eta, autoenpleguaren aldeko apustua egin dutenak, berriz, % 5,3.

Txostenean azpimarratzen dutenez, ikasketak amaitu eta lehen lana aurkitu bitartean, batez beste, urtebete pasatzen da. Datu horrek 2006. urtean graduatzen ziren ikasleek euren lehen lana aurkitzeko behar zuten denbora bikoizten du.

Langabezia-tasa guztiz ezberdina da ikasitako graduaren arabera. Horrela, Osasunaren esparruarekin harremana duten ikasketak dira enplegagarritasun handiena duten ikasketak eta, ikasketa esperimentalak, berriz, txertatzerik baxuena dute.

Ikasketa esperimentalen langabezia-tasa Euskal Unibertsitate Sistemaren barruan % 18,4koa da; Humanitateetan, % 16; Gizarte Zientzietan, % 14,2; Ekonomian eta Zuzenbidean, % 12; Teknikoetan, % 7,5; eta, Osasunean,
% 2,6. 

Soldata handiagoak, baina 2009koetatik urrun

2014an titulatu zirenen batez besteko soldata 2017an 1.521 eurokoa zen. Kopuru hori aurreko urteetakoa baino hobea da, baina 2009an zen kopuruaren azpitik dago. Emakumeen kasuan, soldata baxuagoa da (1.463€) eta % 27 lanaldi murriztuan da.

Soldatak sektorearen arabera aldatzen dira eta Osasun sektoreko 1.825 eta Esperimentaletako 1.287 artean mugitzen dira.

Gazteen Euskal Behatokiaren Gazteria eta enplegua 2017 azterlanaren arabera, 30 eta 34 urte bitarteko euskal gazteen batez besteko soldata 1.297 eurokoa da eta 30 urtetik beherakoena 1.093 eurokoa. Soldatari begira, garbi dago ikasteak saria duela.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.