Ez oso gustura beren itxura fisikoarekin

Gazteen Euskal Behatokiak egin duen inkesta batek azaltzen duenez, gizon gazteak gusturago daude beren itxura fisikoarekin emakume gazteak baino

Gazteen Euskal Behatokiak egin duen inkesta baten arabera, Euskadiko gizon gazteak gusturago daude beren itxura fisikoarekin emakume gazteak baino. Inkesta pasa den abenduan egin zen EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 4.356 gazterekin.

Aurten, Martxoak 8 dela eta Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak garatu duten kanpaina txikitatik emakumeek beren itxura fisikoagatik jasan behar izaten duten presio soziala salatu nahi du.

0 eta 100 arteko eskala batean, 15 eta 29 urte bitarteko gazteriak, batez beste, 71 puntuko garrantzia ematen dio bere itxura fisikoari eta bere asebetetze-maila 70 puntukoa litzateke. Hau da, oro har, oreka bat dago itxura fisikoari ematen dioten garrantziaren eta beren itxura fisikoaz duten iritziaren artean.

Baina ez da horrela adin-tarte guztietan. Eta sexuen artean ere aldeak daude. Horrela, emakume gazteek gizonek baino garrantzi handiagoa ematen diote itxura fisikoari; 72 eta 70 puntu hurrenez hurren. Gainera, emakume gazteen artean beren itxura fisikoarekiko asebetetze-maila baxuagoa da (69 puntu) eta, ondorioz, 3 puntu negatiboko aldea dago. Gizon gazteen kasuan, berriz, beren itxura fisikoarekiko duten asebetetze-maila ematen dioten garrantzia baino handiago da (72 puntu) eta, beraz, bi puntu positiboko aldea legoke.

Zenbat eta helduago itxura fisikoak garrantzi gutxiago du

Adinean gora egin ahala gazteek itxura fisikoari ematen dioten garrantziak behera egiten du. Adibidez, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek 74 puntuko garrantzia ematen diote itxura fisikoari. Adin-tarte bereko gazteek, batez beste, beren itxura fisikoarekiko duten asebetetze-maila 71 puntukoa da (- 3 puntuko aldea). Beren gorputzarekin asebetetze-maila baxuena dutenak 15 eta 19 urte bitarteko emakumeak dira. Talde horretan, itxura fisikoari ematen dioten garrantziaren eta batez beste duten asebetetze-mailaren artean sei puntuko aldea dago. Adin bereko mutilen kasuan oreka handiagoa dago itxura fisikoari ematen dioten garrantziaren eta beren gorputzarekiko duten asebetetze-mailaren artean.

Gizon gazteen hori adin-tarte guztietan errepikatzen den joera da; hots, balantze positiboa dago itxura fisikoari ematen dioten garrantziaren eta beren gorputzarekiko duten asebetetze-mailaren artean. Emakume gazteen kasuan, berriz, balantze positibo hori bakarrik 25 eta 29 urte bitartekoen artean aurki daiteke.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari Agurtzane Llanok azaldu duenez, “azken bi urteetan hazi da gazteek itxura fisikoari ematen dioten garrantzia eta, aldi berean, beren gorputzarekiko duten asebetetze-mailak behera egin du, bai gizon gazteen zein emakume gazteen artean, baina bereziki azken horien artean”.